Botere banaketa

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Sarobe Egiguren 2023ko eka. 15a, 09:50
Herritar bat, botoa ematen. (Hitza)

Aitziber Sarobek Urola Kostako Hitzaren Puntuka atalean idatzitako artikulua da honako hau.

Zer pentsatua ematen du azken hauteskundeetako emaitzen ostean hedabideetan ikusi eta entzuten ari garenak. Egia da osatzen ari diren herri, hiri eta aldundiak kontuan hartuta, horietako gutxi batzuetan baino ez dutela arreta jartzen hedabideek, baina ezin esan gertaera esanguratsua ez denik.
Herritarron ordezkaritza helburu duten alderdi politikoak ez dira nekatzen agintea hartzera eraman ditzaketen botere banaketaren logika erakusten: demokrazia, gure herrian, alderdi politikoen ordezkaritzaren bidez antolatzen da, eta alderdi politikoek eskumena dute botere horren banaketa nahieran eragiteko euren ordezkaritzaren baitan. 

Horrela adierazita, erraza suerta liteke joko arauak ulertzea. Baina onargarria al da udalerri batean aukeratuen artean ia azkena izan denak, jokoan zeuden ordezkarien % 7,5ekin, bere burua botere banaketaren arduradun bihurtzea? Horixe baita Iruñean gertatu dena: botoa eman zezaketen 153.275 pertsonetatik 7.654 pertsonak hautatu dute Geroa Bai alderdi politikoa, eta ondorioz, udal hori osatzen duten 27 ordezkarietatik bi baino lortu ez baditu ere, udal horretako boterea antolatzeko zilegitasuna duela aldarrikatu du Geroa Bairen alkategaiak.

Horretarako darabilen aitzakia da gutxienekoa. Edo ez? Politikan gaur zuria dena bihar beltza bihurtzeko lau hitz eta bi agerraldi baino ez direla behar badakigu. Zintzotasuna eta koherentzia ez dira gure herriko politikarien jardunean errazen identifikatzen diren ezaugarriak, aspaldi gailendu zitzaion-eta interesa ideologiari. Baina zur eta lur gelditzeko modukoa denik ezin uka… 
Izan ere, horrelakorik onetsiko balitz, zertarako deitu herritarrak bozkatzera? Zergatik gastatu hainbeste denbora eta diru fartsa horretan? Behin izena emanda, antola dezatela boterea ahalik eta adostasun maila handienera iristen diren alderdi politikoek ondo datorkienean, eta ahal dela, latarik eman gabe. Edo? Tokitan gelditu dira ideologiak, programa politikoak eta antzerki horren eszenografia osatzen duten gainerako enparauak! 

Ikusitakoak ikusita eta azken hauteskundeetako emaitzen araberako botere banaketa justifikatzeko darabilzkiten arrazoietan erreparatuta, erraz uler liteke gero eta nabarmenagoa den abstentzioa. Datu zehatzen faltan, badago nahikoa arrazoi abstentzio hori aktiboa izan daitekeela pentsatzeko. 
Batetik, bizikidetza behar-beharrezkoa omen dugulako, gau eta egun pulpitutik hitz egiten diguten moral zaintzaileek betoak jarri dizkiete herritarrek aukeratutako hainbat ordezkariri (PPk eta PSNk kasurako, VOXi buruz zer esan …). Lehen eta bigarren mailako herritarrak daude gurean, alajaina! Baleko botoa ematen dutenak eta emandako botoa errespetatzea merezi ez dutenak. 

Bestetik, orain arteko politika egiteko modua aldatu edota berritu nahi omen dutenen jokabideari jar dakioke puntua (EH-Bilduri, esan nahi baita). Aldatu nahi duten politika egiteko modua ezarri duen alderdi hegemonikoari boterea elkarren artean banatzea proposatu diote, bi nahikoa ez, eta lau alderdi politikoren artean osatzeko gobernua Gipuzkoako Foru Aldundian. 

Ez dago zalantzan jartzerik alderdien aparatuetatik urruti bizi garenok ezagutzen ez ditugun aspektu asko egongo direla gertaera horien atzean, baina zaila da sinesten herria (onura publikoa) lehenetsiz eta euren ideologiari jarraiki aginduko dutenik horrelakoetan dabiltzanek; boterea modu horretan banatu nahi dutenek, alegia.

Politikaren jardunbidea giza taldeen antolaketan eta gobernantzan oinarritzen da. Eskertzekoa litzateke gure ordezkari politikoak, zer intentzio eta helbururekin egin nahi duten zintzotasunez agertzeaz gain, egindakoarekiko edo esandakoarekiko modu arduratsuan eta sinesgarrian aritzea. 
Izan ere, egun gutxi barru errepikatuko dute alderdi politikoek gero eta luzeagoa eta astunagoa bihurtzen ari den liturgia: alegia, hauteskundeak. Zaila bada ere, saiatuko dira hedabideetan denbora gehiago okupatzen, gehiengoak eskuratzeaz, alternatibak bilatzeaz, herritarren beharrak asetzeaz eta antzekoez aritzeko.

Higiene demokratikoaren izenean, eskertzekoa litzateke hasieratik argitzea hori guztia bigarren mailakoa dela karguak okupatzeko negoziazioetan. Hala, hobeto ulertuko litzateke zerrendetako pertsona batzuen gaitasun (ez)a politikarako, guztion lasaitasunerako. Zenbait gobernutan, benetan nork agintzen duen ez jakitea esperantzagarria ere suerta liteke eta …