Iritzia

Pelletezko bolatxoak plastikozko itsasoan

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Sarobe Egiguren 2024ko urt. 15a, 13:00
Plastikosko pinportak .(UKT)

Arkamurka taldeko Aitziber Sarobe biologoak ondorengo iritzi artikulua helarazi du, plastiko pinporten eta Jaurlaritzak hartu berri duen larrialdi planaren inguruan.

Urtarrilaren 9an egindako agerraldian, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak adierazi zuenez: "Eusko Jaurlaritzak, Segurtasun Sailaren bitartez, Itsasertza-Itsas Kutsadurari Aurre Egiteko Euskadiko Larrialdi Plan Berezia (alerta fasea) jarri du martxan". 

Agerraldi horretan jakin genuenez, abenduaren 8an Portugalgo uretan pelleten isuria gertatu zenetik AZTI zentro teknologikoa Kantauri Itsasoaren egoeraren azterketa egiten ari da eta jasotako emaitzen arabera, "oraingoz behintzat" plastikozko pinportek "ez dute eraginik izan gure kostaldean". Are gehiago, epe laburreko aurreikuspenei begiratuta ere, ez dirudi helduko direnik”. Dena ondo.

Agerraldi horretan esan zuenez, "arrainek eta hegaztiek… mikroplastikoak kopuru txikian janda ere, badago arriskurik: plastikook elikadura katean sartuko liratekeelako, gizakiontzat arriskutsu bihurtuta". Baina, aldi berean, argitu zuen, "isuriari garrantzia kendu gabe, plastiko horien toxikotasuna txikia edo ia toxikotasun gabea da". Bada, pelleta toxikoa da edo ez da?
Informazioa horrela plazaratzeko modua da gure gizartean zientziarekiko mesfidantza eragiten ari dena; konspiranoikoen multzoa gero eta handiagoa izatea eragiten duena. 

Izan ere, gure hondartzetara hurbildu eta pittin bat makurtuz gero, ziurra da plastikozko bolatxoak, bolak eta bestelako forma geometriko guztietakoak ikustea. Ez bat eta ez bi, dagoeneko dozena erdi lagun entzun ditut plastikozko bolatxoak eskutan: “Ez dezatela kontrakorik esan, honaino ere iritsi dira”, adieraziz.

Nahikoa litzateke pelleta zer den argitzea anabasa saihesteko. Bolatxo horiek polietilenozkoak dira eta material hori ukitzeak ez digu kalterik eragiten. Tamaina txiki horrek eta gardena edo ia gardena izateak bihur lezake toxikoa, hori irensten duten (dugun) animaliontzat. Zintzoak izanda, gehiegi irentsita itotzeko arriskuaz gain, aitortu eta azaldu behar baita oso gutxi dakigula desegiten hain denbora luzea behar duen materialak bizidunon gorputzetan duen eta izan dezakeen eraginaren inguruan. 

Horregatik ari gara arreta behar ez den lekuan jartzen. Galdera nagusia beste bat da eta: plastikoekin daukagun arazoaren dimentsioa kontuan hartuta, zer axola dio non duten jatorria bolatxo horiek? Argi esan behar da: plastikozkoa bihurtzen ari garen itsaso horretan, Toconao itsasontziak galdutako ustezko 26 Tona horien eragina ahuntzaren gauerdiko eztula da. Datuak ikusi nahi dituenak, Eguzkik bere web orrian (eguzki.org) zintzilikatu berri duen Pelletak, atzamarra eta ilargia artikuluan aurki ditzake. 

Datozen egunetan bolatxoekin jolasean arituko zaizkigu hedabideetan. Itsas korronteez, haizeaz, boluntariotza lanez, itsasoan bolatxoak jasoko dituzten itsasontziez eta abar, aspertu arte! Baina, ez diote helduko benetako arazoari, potoloegia zaielako. Industria ez dute aipatuko. Bolatxo horiek plastikoaren industriaren oinarrizko materiala baitira, mila eratako gailu eta osagaiek egiteko baliatzen direnak. 

Gure bizimoduan du jatorria naturan metastasia eragiten ari den arazo honek. Horren adibide argia Zarauzko auzo berrian daukagu: harategirik eta arrandegirik gabeko Eroski berrian, estandarrak bihurtzen ari diren saltoki-eredu horretan. Ontziratutako janaria dago modan, hori da gaur eguneroko kontsumorako egiten zaigun eskaintza: ontziratutako janariaren plastikozko menua. Gure kontsumo-ereduari buelta eman ezean, luzerako daukagu bolatxoen 'jolasa'.
 
Otsailaren 3an auzolanean Iñurritzako Biotopoa garbitzeko deia zabalduko du Arkamurka natura elkarteak. Hurbiltzen denak izango du aukera plastikoen mundu zabala ikusteko.