Puntuka

Neurritik pasatuta

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Sarobe Egiguren 2024ko ots. 29a, 09:16
Zenbait lore, belar artean. (Aitziber Sarobe)

Aitziber Sarobek Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalean idatzitako artikulua da honako hau.

Halaxe gabiltza gizakiak munduan, gure planetan: neurritik pasata. Aurreko urteko irailean, diziplinarteko ikerlari talde batek Science Advances aldizkarian argitaratutako ikerketa batek erakutsi duenez (Earthbeyondsixof nineplanetaryboundaries), jadanik gizakiaren jardueren ondorioz gure planetaren bederatzi mugetatik sei gainditu ditugu: klima aldaketarena, lurzoruarena, nitrogenoaren eta fosforoaren zikloena, biosferarena, eta azkena, ur edangarriarena. Alegia, gizakiarentzat planeta hau bizigarri egiten duten aldagai biofisikoek osatzen duten sistema osoan eragiten ari gara gure biziraupena arriskuan jartzeraino. 

Klima aldaketarena sistema horren dimentsioetako bat baino ez da. Hori bai, bizi garen eremuan arreta gehien jartzen dioguna, hainbestekoa baita eguraldiarekiko dugun itsumena. Eguraldiaren gorabeherak klimarekin lotzeko bizioak itsutu gaitu, eta eguraldia izanik gure elkarrizketen gai gustukoenetarikoa, egunerokoa bihurtu zaigu nahasmena. Noski, ur edangarriarekin edo lurraren higadurarekin ez dugulako begi bistako arazorik, momentuz. 

Hala ere, nahasmenak nahasmen, klima aldaketari lotutako berriak gero eta kezkagarriagoak direnik ezin ukatu: berriki Ipar Atlantikoko itsas korronteen bidez banatzen den beroaren sistema kolapso bidean dagoela jakin dugu. Hori aspalditik neurtzen ari diren gertaera da, baina ikerlariek dioten bezala, 25-50 urtera korronte horien nahasteak etengo balira, Europaren tenperatura oso azkar 20-40 gradu gutxitu liteke; alegia, 0 azpiko graduetan geundeke ia urte osoan. Ez dira txantxetarako kontuak (honi buruzko informazio nahi duenak AMOC eta Antonio Turiel jarrita bilatzailean, oso modu errazean eta argian lortuko du informazioa, hori bai, gazteleraz …).

Dakigunez, klima aldaketaren erantzule nagusienetarikoak, alegia, lurraren bezko berotze prozesuan eragiten ari diren eragile nagusiak, jatorri fosileko erregaietatik eratorritako gasak dira; negutegi eragina duten eta azken mende eta erdian neurririk gabe atmosferara igorri ditugun gasak. Karbono dioxidoa (CO2) da nagusiena, eta horretan jarri du industriak arreta, nahiz eta beste hainbatek eragin bera edo handiagoa duten. Jakin badakigu, gas hori berriro bizidunengana edota lurzorura bueltatzeko, fotosintesia dela daukagun modu eraginkorrena. Bada, bizidunak, eta beraz, ekosistema erresiliente eta orekatuak behar ditugu lurraren beroketaren erantzule diren gasen eragina txikitzeko. 

Horregatik da hain garrantzitsua herenegun, 2024ko otsailaren 27an, Europako Batasunak natura lehengoratzeko onartutako akordioa. Lege horren arabera (Nature Restoration Law, European Parliament and Council of the European Union), 2030. urterako Europako Batasuneko itsas eremuaren eta eremu lehortarren %20 leheneratu edo naturalizatu beharko da eta 2050. urterako egoera zaurgarrian edota guztiz kaltetuta dauden habitatak berreskuratu beharko dira. 

Alegia, mugak jarri dira ez bakarrik nekazaritzarako edo abeltzaintzarako lurrak ustiatzeko, baita lur horietan polinizazioa edo bestelako funtzio biologikoak kaltetzen dituzten praktiketarako ere. Erreketako, basoetako eta bestelako eremuetako biodibertsitatea berreskuratzeko neurriak ere hartu beharko dira, besteak beste hirietakoa, ez baita hutsala lorezaintza bezalako jarduerekin egiten den kaltea. 

Izan ere, gizakiaren neurririk gabeko jarduera da klima aldaketa ez ezik, biodibertsitatearen galera eta modu guztietako kutsaduraren emendioa eragiten ari dena eta fenomenologia konplexu horren guztiaren emaitza da krisi ekologiko globala. Planetaren muga biofisikoak gainditu ditugula diotenean, horretaz guztiaz mintzo dira, konplexua den eta hamaika erpin dituen arazo global horretaz, hain zuzen. 

Azken hori eman nahi zen aditzera zutabe honetan idatzitako azken artikuluan, nekazaritzaren krisiari Europan eman nahi zaion erantzunak «gaurko ogia, baina biharko gosea» izateko itxura duela azpimarratzerakoan: ingurumen kalteak gutxitu edo saihesteko jarritako neurriak arintzetik ez da aterabiderik etorriko, ez lehen sektorearentzat, ezta gainerako jarduera produktiboentzat ere. 

Batek baino gehiagok pentsatuko zuen honezkero nolako eztabaida eta zalaparta eragin duen Naturaren Lehengoratze legeak eta zeinen zaila eta luzea izan den bere izapidetzea: 329 aldeko boto jaso ditu, 275 kontrakoak eta 24 abstentzio. Jakin beharrekoa da gure ordezkari politikoen artean, EAJ alderdiak kontra bozkatu duela. 

Zorionez, herenegun Europako Batasunak hartutako erabakia Europako Kontseilura igorriko da, eta azken bozketaren ostean jarriko da indarrean legea. Ongi etorria bedi! Ea orain belarria jartzen diguten natur kontserbazioarekiko itsuak eta gorrak diren gure ordezkari politikoek. Badute zeregina.