HARA! Alfonso Gallardo Espainiako 100 pertsona aberatsenen artean, Forbes aldizkariaren arabera

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Hitza 2016ko aza. 2a, 19:04
Corrugados Azpeitia enpresa itxi bitartean haren jabe izan zen Alfonso Gallardo Forbes aldizkariak egin duen Espainiako pertsona aberatsenen zerrendan ageri da. Gaur argitaratu dute zerrenda eguneratua, eta Extremadurako enpresaria 100 postuan dago, 400 milioi euroko kapitalarekin. Zerrenda eguneratu aurretik 82. postuan ageri zen Gallardo; izan ere, 2014an 450 milioi euro zituen enpresariak. 2013ko abuztuaren 7an itxi zuten Corrugados Azpeitia lantegia, aurreko egunean azken 40 langileei kaleratze agiria eman ostean. Kaleratzeak hasi aurretik 300 langile zituen Azpeitiko enpresak. Gainera, talde bereko Corrugados Lasao enpresako 68 langileetatik 38 kaleratu zituen Gallardok abuztu hartan bertan. Egun martxan da Corrugados Lasao. Lan gatazka luzea izan zen Corrugados Azpeitiakoa; 2011n hasi eta 2013an itxi zen enpresa. Izan ere, Corrugados Azpeitiako 140 langile kaleratzeko txostena aurkeztu zuen enpresak 2011ko azaroaren 9an. 2012ko urtarrilean ehun langile kaleratu zituen Gallardok, Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak Azpeitiko Corrugadosek aurkeztutako Lana Erregulatzeko Txostena onartu baitzuen (ez osotasunean). Hori dela-eta, enpresako zuzendaritzak eskatuta baino langile gutxiago kaleratzeko aukera izan zuen; 140 langile kaleratzea eskatu zuen. 2012ko ekainean beste 60 langile kaleratuko zituela iragarri zuen enpresak, eta hil haren 11n 60 langile horiek kaleratu eta murrizketak ezarri zizkieten gainerakoei. 2011n aurkeztu zituen Lana Erregulatzeko lehen bi txosten haiek Gallardok, eta kaleratze haiek tarteko langileek greba mugagabea hasi zuten 2012ko ekainaren 15ean. Sei hilabeteko lanuztea, protestak eta itxialdia egin ostean, urtarrilaren 4an, greba bertan behera uztea erabaki zuten, "negoziazioekin hasteko". Ordurako aldeko bi epai zituzten langileek: Corrugados Azpeitiako kaleratzeen inguruko EAEko Justizia Auzitegiaren aldeko epaia batetik, eta Donostiako Auzitegiak murrizketen kontra emandakoa bestetik. 2013ko urtarrilaren 25ean itzuli ziren langileak enpresara, eta otsailean jarri zituzten martxan fundizioko labeak eta laminazioa. EAEko epaiak-eta Gallardoren aurkakoak zirelako, enpresak 2013ko apirilean aurkeztu zuen Lana Erregulatzeko Txostena Espainiako Auzitegi Nazionalean. Corrugados Azpeitia eta Lasao lantegiez gain, Extremadurako Jerez de los Caballeroseko Ferromallas eta Siderurgica Balboako beharginen kaleratzeak ere txosten berean sartu zituen orduko hartan Gallardok.2014ko urtarrilaren 27an izan zen epaiketa Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Orduko hartan, bere garaian EAEko epaitegiak ez bezala -negoziatzeko prestutasun falta egotzi zion epaitegi hark Gallardori 2012ko abenduan-, Alfondo Gallardo Taldearen aldeko epaia eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Epaitegi hark ebatzi zuen Gallardo taldeak "fede onez" negoziatu zuela eta "bizi zuen egoera larriaren barruan, ahal zuen eskaintza onena egin zuela". Langileek epai hari ere helegitea jarri zieten, baina Espainiako Auzitegi Gorenak ere arrazoia eman zion Gallardo Balboa taldeari 2015eko uztailaren 24an. Corrugados Azpeitia eta Lasaoko langileen ordezkariek epaiketa Madrilen egitearen arrazoia "hemen kontrako hiru epai jaso izana" dela salatu zuten: "Hara joan da pentsatuz hango epaileak bere alde errazago egingo duela. Madrilera eramatearekin, negoziaziorako esparru naturala deuseztu eta mobilizatzeko indarrak ahuldu nahi dituzte".