Getaria Espainiako ehun udalerri politenetakoa da National Geographicen arabera

Erabiltzailearen aurpegia Hara! 2023ko urt. 26a, 09:40
Getariako portua. (UKT)

Zerrendako 41. postuan kokatu dute eta, besteak beste, itsasargia, portua eta Balentziaga museoa nabarmendu dituzte herriko puntu erakargarri gisa.

National Geographic aldizkari entzutetsuak politenak iruditu zaizkion Espainiako ehun udalerrien zerrenda argitaratu zuen joan den astean eta horien artean da Getaria. 41. tokian kokatu dute zehazki, eta ebazpenean argudiatu dutenez, San Antoneko itsasargia, Aldamar dorrea, Kale Nagusia eta bertan kokatutako Salbatore Donea parroki eliza gotikoa dira herriko puntu erakargarrienak.

Horrez gain, Cristobal Balenciagaren omenez eraikitako museoari eta moda diseinatzaileari berari ere egin diote aipamena, baita munduari lehen bira eman zion Juan Sebastian Elkano marinelari ere.

Halaber, zehaztu behar da Getaria ez dela National Geographicek zerrendan sartu duen euskal udalerri bakarra; izan ere, Gipuzkoako bigarren ordezkari bat ere bada. Hamahirugarren tokian sailkatu duten Hondarribia da Gipuzkoako beste ordezkari hori. Bizkaiak eta Arbak, berriz, ordezkaria bana dute: Mundaka eta Laguardia, hurrenez hurren. Nafarroa, azkenik, ordezkari gehien dituena da, lau guztira: Elizondo (zortzigarren politena), Lizarra, Otsagabia eta Olite.