Beittu!

Nuala elkartearen bideokliperako ahotsa jarri du Tomas Lizarazu abeslari azkoitiarrak

Azkoitiko Bulego musika taldeko Tomas Lizarazu abeslariak Bizipoza elkartearen Mundu Berri Bat Guztiontzat 3 diskorako ahotsa jarri du; zehazki, Nuala elkartearen abestirako kantatu du azkoitiarrak. Kanta horren bitartez erakutsi nahi dituzte elkartearen eguneroko errealitateak eta aldarrikapenak zein diren.

Bizipoza elkarteak Mundu Berri Bat Guztiontzat 3 diskoa kaleratu berri du, gizarte alorreko elkarteen abestiak eta bideoklipak biltzen dituen lana. Bizipoza elkartearen azken proiektuari lotuta, Marea Urdina elkarteak duela egun gutxi jakinarazi zuen bideoklipa eguneratu zuela, eta gauza bera egin du Elgoibarko (Gipuzkoa) Nuala elkarteak ere. Hain justu, Tomas Lizarazu Bulego taldeko abeslari azkoitiarrak jarri dio ahotsa Nuala elkartearen Laku bat izeneko bideoklipari.

Nuala irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta aniztasun funtzionala edo gaitasunen aniztasuna duten pertsonak eta lagunak biltzen ditu elkartearen aterkipean. Nualaren helburua da pertsona horien guztien ikuspena nahiz ongizatea bermatzea eta inklusioa gizartean aktiboki promozionatzea.

Bizipoza elkarteak Nuala eta Marea Urdina bezalako elkarteen eguneroko errealitateak, aldarrikapenak eta transmititzen dituzten baloreak, musika, irudia nahiz hitzak gizarteratu nahi ditu Mundu Berri Bat Guztiontzat egitasmoarekin.