30 urtez apeaderoan bizi den familiak etxea utzi beharko du

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2010ko aza. 8a, 16:26

Urola trenbideko apeaderoko erabilera berreskuratzeko administrazio prozesuari hasiera eman dio Udalak, joan zen astean Udalbatzak egin zuen bilkuran hala onartu eta gero. Danobat eta Altamira lotuko dituzten errepidearen lehenengo fasea ahalbidetzeko ...

Urola trenbideko apeaderoko erabilera berreskuratzeko administrazio prozesuari hasiera eman dio Udalak, joan zen astean Udalbatzak egin zuen bilkuran hala onartu eta gero. Danobat eta Altamira lotuko dituzten errepidearen lehenengo fasea ahalbidetzeko onartu zuten “lur horiek bere osotasunean bereganatzea”. Ondorioz, trenbideko apeaderoan “baimenik gabe” bizi den familiak etxea utzi beharko du, eraikina bota egin behar baitute.

Duela 30 urtetik bizi da Milagros Gabilondo apeaderoan, bere bi seme-alabekin batera. Trenbide-pasagunea zaintzen zuen langilea zen orduan Gabilondo; “herrian nik egiten nuen lan hori, eta eraikina zaintzearen truke utzi zidaten eraikina”.

“Badakit etxe honen jabetza ez dudala.  Badut beste etxebizitza bat herrian, baina hori errentan jarri genuen. Beraz, momentuz ez dakigu zer egingo dugun, ezta eraikina uztearen truke zerbait jasoko dugun ere”, dio Gabilondok.

Jausoro auzoa eta Altamira lotzeko proiektuak, besteak beste, “herriko komunikazioa hobetzea du helburu”. Hiru fasetan egingo dute errepidea, eta lehenengoa Martitte auzora eramaten duen errepidearen ondoan amaituko da.