Erdi askatasun erregimena ezarri diote Luis Maria Lizarralde ‘Arume’-ri

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2011ko urt. 20a, 13:04

Espainiako Audientzia Nazionaleko Espetxe-zaintzako epaile Jose Luis Castrok Luis Maria Lizarralde Arume preso azkoitiarrari erdi askatasun erregimena eman dio, honek, azken hilabeteetan egindako «minagatik» damua agertu ondoren. Langraitzeko (Ara...

Espainiako Audientzia Nazionaleko Espetxe-zaintzako epaile Jose Luis Castrok Luis Maria Lizarralde Arume preso azkoitiarrari erdi askatasun erregimena eman dio, honek, azken hilabeteetan egindako «minagatik» damua agertu ondoren. Langraitzeko (Araba) espetxean dago azkoitiarra.
Lizarraldek joan den urteko urtarrilaren 12an eta 21an idatzitako bi gutunetan agertzen zuen damu hori, eta biktimei barkamena eskatu zien. Eskutitz horietan azaltzen zuen «hilabeteak zirela preso politikoen kolektiboaren funtzionamendutik aldendu» zela, eta «ETArekiko harremanak erabat moztuta» zituela. Modu horretan, preso politikoen ohiko abokatuekin aritu beharrean, Iñigo Iruin izendatu zuen bere defentsa abokatu. «Honek guztiak pertsonalki asko ukitzen nau, nire kideek hemen nahiz nire herrian albo batera uzten nautelako», nabarmendu zuen joan den urrian, baimen bat medio herrian egun batzuk igaro ostean.
Epailearen arabera, 1994an espetxeratu zutenetik «eboluzio positiboa» izaten ari den presoa da Lizarralde, eta erakunde armatuarekiko erakutsi duen aldentzea «errela» dela «frogatzen du bere jarrera eta portaerak».
Castro epaileak «egunero irteteko baimena» eman dio Lizarralderi. Arreta bereziko programaren baitan ikastaro batera joateko «beharrezko duen denboran» atera ahal izango da espetxetik, baina ez diote asteburuetako baimenik emango.