Azkoitiko Herri Lasterketan izena emateko epea zabaldu dute

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko ira. 26a, 11:40

Azaroaren 24an jokatuko dute Azkoitiko Herri Lasterketa. 10 kilometroko ibilbidea egin beharko dute korrikalariek, 16:30ean Azkoitiko plazatik abiatuta.

Iazko Azkoitiko Herri Lasterketako irudi bat. (Ainitze Agirrezabala) Datorren azaroaren 24an jokatuko dute Raka Maraton kirol elkarteak antolatzen duen XIV. Azkoitiko Herri lasterketa. 16:30ean herriko plazan hasiko da proba, eta leku bereanĀ  amaituko da. Urteroko ibilbidea izango du lasterketak; hau da, itzuli txiki bat egingo dute herri barruan aurrena, eta, ondoren, bi itzuli handi egingo dituzte. Guztira, hamar kilometro egin beharko dituzte korrikalariek. Proban parte hartzeko, 16 urte izan behar dira gutxienez, 2018ko azaroaren 24a baino lehen beteak. Guztira, 500 lagunek parte hartu ahal izango dute proban, eta antolatzaileek azaldu dutenez, urtero 300 lagun baino gehiago animatu ohi dira. Dagoeneko zabaldu dute izena emateko epea. Internet bidez, herrikrosa.eus helbidean eman daiteke, eta Azkoitiko Zubiaurre Elkargunean ere izango da horretarako aukera, azaroaren 23ra arte. Aurrez, hamar euro ordaindu beharko da izen-ematea, baina egunean bertan ere eman ahalko da, lasterketa hasi baino ordubete lehenagora arte. Hamabost euro ordaindu beharko da egunean bertan izen-ematea. Izena ematen duten guztiek kamiseta jasoko dute. Sari ekonomikorik ez da izango proban, baina bestelako hainbat opari banatuko dituzte. Lehen hiru postuetan sailkatzen diren gizon-emakumeek garaikurra eta sariak jasoko dituzte, eta horrez gain, hainbat zozketa egingo dute. Arropa bilketa zerbitzua helmugaren ondoan egongo da, eta aldagelak eta dutxak kiroldegian egongo dira.