Urriaren 10etik aurrera erosi ahal izango dira Izarok Azkoitian eskainiko duen kontzerturako sarrerak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko ira. 27a, 12:01

Azkoitian Orbelan, Ñam Ñamen eta Hazian erosi ahal izango dira sarrerak 15 euroren trukean, eta Azpeitian Aliur kafetegian. Sarrerak agortzen ez badira, kontzertuaren egunean bertan ere eskuratu ahal izango dira Baztartxoko leihatilan. Kontzertuaren aurreko egunean 'Zuk' dokumentala emango dute. Bi egitasmoak Azkoitiko Esku Bidez taldeak antolatu ditu, migrazio krisiaren gaia gizarteratzeko.

Izaro abeslariak kontzertua eskainiko du datorren azaroaren 10ean Azkoitiko Baztartxo antzokian, eta urriaren 10ean jarriko dituzte salgai emanaldirako sarrerak. Azkoitian Orbelan, Ñam Ñamen eta Hazian erosi ahal izango dira sarrerak 15 euroren trukean, eta Azpeitian Aliur kafetegian. Sarrerak agortzen ez badira, kontzertuaren egunean bertan ere eskuratu ahal izango dira Baztartxoko leihatilan, 18 eurotan. Azkoitiko errefuxiatuen aldeko Esku Bidez elkarteak antolatu du emanaldia. Izarok 2014an hasi zuen musika ibilbidea, eta bi urte beranduago Om diskoa kaleratu zuen. Egun, Eason bigarren diskoa aurkezten ari da, Iker Lauroba Alonso, Oriol Flores Arisa, Julen Barandiaran Blanco eta Garazi Esnaola Balerdi taldekideekin batera. Ez da Izarok Azkoitian kontzertua emango duen lehen aldia. Izan ere, iaz Elkargunean izan zen Ane Leuxekin batera, Gaztemaniaken eskutik. UROLA KOSTAKO HITZAk orduan Izarori egindako elkarrizketa irakur daiteke honako lotura honetan. 'Zuk' dokumentala, bezperan Aita Mari itsasontziak mediterraneo itsasoan erreskate lanetan aritzeko laguntza ekonomikoa lortu nahi du elkarteak, 'Salvamento Maritimo Humanitario' egitasmoaren Azkoitiko laguntzailea baita taldea. Gainera, Izaroren kontzertuaren aurreko egunean, azaroaren 9an, ZUK dokumenatalaren emanaldia eskainiko du Esku Bidez taldeak. Elkargunean izango da saioa, 19:00etan hasita. Migrazio krisiari eta milaka lagunek sufritzen duten giza hondamendiari aurre egiteko lanean ari diren euskal boluntarioak dira ZUK dokumentalaren protagonistak. CEAR-Euskadi, Zaporeak, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Salvamento Maritimo Humanitario erakundeetako boluntarioen lanaren lau adibide jaso dituzte ikus-entzunezkoan.