'Jokoz kanpo' antzezlana taularatuko dute larunbatean, Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko urr. 2a, 17:29

Futbol zelaietan sortzen den indarkeriaren inguruko umorezko antzezlana da. 19:30ean hasiko da obra, eta sarrerak egunean bertan erosi ahalko dira.

Futbol zelaietan sortzen den indarkeriaren inguruko umorezko antzezlan batekin itzuliko da antzerkia Azkoitiko Baztartxo antzokira. Izan ere, udako etenaldiaren ostean, Borobil Teatroaren Jokoz Kanpo obra emango dute larunbatean, urriak 6, 19:30ean hasita. Joseba Apaolaza, Asier Hormaza eta Asier Sota dira antzezlaneko aktoreak, eta Anartz Zuazua aritu da zuzendari lanetan. Gidoia idazterakoan, berriz, Nagore Aranbururen eta Mikel Pagadizabalen laguntza izan dute. Manu eta Martin futbol entrenatzaileak dira, eta partida baten ostean, borrokan hasi eta epaitegira joango dira. Horrela hasiko da antzezlana, eta, egoera hori azaltzeko, hamasei eszena antzeztuko dituzte aktoreek. 12 urtetik gorako herritarrei zuzenduta dago obra. Sarrerak egunean bertan erosi ahal izango dira, Baztartxoko leihatilan, sei euro ordainduta. Abendura bitartean, beste hiru antzezlan emango dituzte Azkoitian.