Azkoitiko EAk "behin-behineko" Alkartetxea zabalduko du San Martin kalean

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko urr. 10a, 11:50

EAk atzo egindako batzarreko irudia. (EA Urola Kosta) Urola Kostako EAk Lurralde Batzarra egin zuen atzo, asteartea, Azkoitiko Kultur Etxean. Eusko Alkartasunaren 2019ko udal eta foru hauteskundeetarako hautagaien zerrendak osatzeko proposamena gauzatzeko prozesu parte-hartzailearen prozedura onartu zuten bertan, eta Azkoitiko EAko kideek jakinarazi zuten Alkartetxea zabalduko dutela. "EAren tokiko antolakuntzak bere lanketa politikoa behar den bezala egiteko" irekiko du behin-behineko egoitza. Hain zuzen ere, Azkoitiko San Martin kaleko 3. zenbakian zabalduko dute Alkartetxe berria, "ahalik eta azkarren". EAren Nazio Batzorde Eragileak duela hilabete batzuk erabaki zuen Trenbidearen Zumardia kaleko 15. zenbakiko Alkartetxea alokatzea, eta EH Bilgunea zabaldu zuten bertan uztailaren bukaeran. Bestalde, Azkoitiko EAk joan zen uztailaren 3an egin zuen Herri Batzar Eratzailea, eta bertaratu ziren afiliatuek hala erabakita, Juan Ignacio Gogorza izango da koordinatzaile berria, Manuel Gabilondo diruzaina eta Eli Alberdi idazkaria. Hiru lagun horiek osatu dute Batzorde Eragile berria.