Azkoitian bandoa zabaldu dute, zaborrak ibaira botatzea debekatuta dagoela gogorarazteko

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko urr. 31a, 17:04

Zaborra Urola ibaian. (Gorka Alberdi) Gorka Alberdi azkoitiarrak eta Zestoako bizilagunak behin baino gehiagotan salatu du Urola ibaira hondakin kopuru handiak botatzen dituztela herritarrek. "Oso barneratuta daukagu hori normala dela. Gero, urtean behin-edo garbiketa bat egiten dugu, eta kito. Hori oso arriskutsua da; izan ere, hondakin horiek gero ikusten ez ditugun arren, itsasora joaten dira”, azaldu zuen duela gutxi. Horren aurrean, Azkoitiko udalera jo zuen Alberdik, zenbait neurri hartzeko eskatuz. Batetik, etxe guztietara eskutitz bat bidaltzeko eskatu zuen, zaborrak ibaira botatzea debekatuta dagoela gogorarazteko: "Herritarrek eskutitz bat jasotzen badute esanez ordenantza bat dagoela zaborrak ibaira botatzea debekatzen duena eta udala gai horren gainean dagoela, aldatu egingo da jendearen jokabidea. Izan ere, gaur egun zaborrak botatzen dituzte, eta ez da ezer gertatzen". Azkoitiko Udalak erantzun egin dio eskari horri: hain zuzen ere, udalaren eta Urola Erdiko Mankomunitatearen izenean, bandoa zabaldu dute Azkoitiko zenbait auzotan –besteak beste, Santa Klarako eta Plaza Berriko etxepeetan–, zaborrak ibaira botatzea debekatuta dagoela gogoraraziz eta arau hori hausten duenak jaso ditzakeen isunen berri emanez. "Zaborra ibaira botatzea arau hauste larritzat jasoa dago Urola Erdiko Mankomunitateko hondakinen ordenantzaren 41. artikuluan, eta erantzuleak 2.000,01 eta 10.000 euro arteko isunari egin beharko dio aurre" dio idatziak. Hona hemen idatzia osorik: