Imanol Larrañagak eta Garazi Sampedrok irabazi dute Azkoitiko Herri Lasterketa

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko aza. 24a, 18:46

Gizonetan, Hossain Kaanache izan da bigarrena, eta Joseba Diaz azkoitiarra hirugarrena. Emakumeetan, berriz, Leire Baraibar sailkatu da bigarren postuan, eta Garazi Korta hirugarrenean. Pedro Muñoz omendu dute proba hasi baino lehen.

Azkoitiko Herri Lasterketaren hamalaugarren edizioa jokatu dute gaur arratsaldean. Hamar kilometroko ibilbidea osatu behar izan dute korrikalariek, eta Imanol Larrañaga azkoitiarra (31:27) eta Garazi Sampedro (39:52) izan dira helmugaratzen aurrenak. Gizonetan, Hossain Kaanache (31:37) oriotarra izan da bigarrena, eta Joseba Diaz azkoitiarra hirugarrena (31:40). Denbora luzez lehen postuan izan da Diaz, baina amaieran, aurre hartu diote beste bi korrikalariek. Emakumeetan, berriz, Leire Baraibar zumaiarra sailkatu da bigarren postuan (40:05), eta Garazi Korta gasteiztarra hirugarrenean (40:13). Lasterketa jendetsua izan da gaurkoa; izan ere, 312 korrikalari lehiatu dira guztira. Horrez gain, ekitaldi berezirik ere izan da aurtengo edizioan. Hain zuzen ere, proba hasi baino lehen, Pedro Muñoz korrikalaria omendu dute. Azkoitiarrak 10.000 metroko Euskadiko Txapelketa irabazi zuen joan zen hilean, eta bere azken garaipenarengatik zein ibilbide osoarengatik egin diote aitortza. Lasterketa hasi baino lehen, Jone Zabaleta korrikalari azkoitiarrak hitz batzuk zuzendu dizkio grabazio bidez, eta hunkituta entzun ditu horiek urte askoan bidelagun izan duen Muñozek. Ibilbide guztian zehar aurre aldean ibili den arren, azkenean, bosgarren postuan amaitu du Muñozek lasterketa. Hona hemen gaurko lasterketan hartutako irudiak: [flickr_set id="72157703895539824"]