Ametsak egi bihur daitezkeela sinestarazten duen ikuskizuna

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko abe. 28a, 17:35

Gontzal Mendibilek Gabonetarako sortu duen 'Gai Magikoa Kai, Mai, Koa' haurrentzako antzezlana taularatuko dute urtarrilaren 4an, Azkoitian. Musikalaren inguruko xehetasunak azaldu ditu musikariak gaur Azkoitian.

Gontzal Mendibil eta Sonia Vazquez zinegotzia. (Azkoitiko Udala) "Ametsak bihotzez, gogoz eta arimaz eskatzen badituzu, egi bihurtuko zaizkizu". Horixe da Gontzal Mendibilen azken sormen lana borobiltzen duen sentipena. Umeei zuzenduriko ikuskizun musikala da  Gau Magikoa Kai, Mai, Koa, eta urtarrilaren 4an, 19:00etan, Baztartxo antzokian eszenaratuko dute. Sarrerak bihar, azaroak 29, egongo dira salgai Baztartxoko leihatilan, 15:30etik 18:30era. Agortzen ez badira, urtarrilaren 2an, 3an eta 4an, udaletxeko Kultura Sailean eskuratu ahalko dira. Gaur Azkoitian izan da Gontzal Mendibil, ikuskizunaren inguruko xehetasunak azaltzen, eta bertan adierazi duenez, Bitoriano Gandiaga poetak izarrak suaren gaueko festa zirela esaten zuen. Bizkaiko musikariak ere gaueko sinbologiari heldu nahi izan dio, Gabon kanta gehienek izan ohi duten kutsu erlijiosotik aldenduz. Horregatik, izarrak, magia, musika eta abentura uztartzen ditu ikuskizunak. Euskarazko musikal bat sortzeko gogoak zuen Mendibilek, eta horrek eraman du ikuskizuna sortzera. Bilboko Arriaga antzokian estreinatu berri du obra, eta Gipuzkoan, Donostian eta Azkoitian bakarrik eskainiko dute, propio Gabonetarako sortutako emanaldia baita. Mendibil ikuskizunaren gidoiaz, musikaz eta zuzendaritzaz arduratu da. Easo Txiki Abesbatzako neska-mutilek parte hartuko dute emanaldian, talde horren zuzendaria den Gorka Mirandarekin batera. Ikuskizunean hain ezaguna den Txan Magoak ere parte hartuko du. Talde artistiko zabala osatu du Mendibilek "kalitatezkoa, euskaraz sortua eta erakargarria" den ikuskizuna taularatu ahal izateko. Dioenez, bereziki 5 urtetik gorako haurrei eta familiei zuzendua dago. Obran hainbat abesti entzun daitezkeen arren, istorio bat ere kontatzen du. "Auñamendi magalean dagoen Aran herriko eskolan hasten da istorioa. Amets baten bila doaz Kai eta Koa, eta Mai eta eskolako haurrekin, giltza eta liburu magikoarekin, ametsa egi bihurtuko zaie". Mendibilek azaldu duenez, umeak nahiz helduak hunkitu ohi dira ikuskizunarekin. "Nagusiei pentsarazi egiten die. Umetasuna atzean uzten dugun heinean, ilusioa galtzen joaten gara. Ilusiorik eta ametsik gabe, dena hankaz gora joaten da. Helduak arrazionalagoak gara eta hunkituta ateratzen dira antzokitik". Ikuskizunaren osagarri, diskoa ere kaleratu dute hamahiru abestirekin. https://www.youtube.com/watch?v=wSG5nG_rpN8