Azkoitiko udaletxean bisita gidatua egingo dute hilaren 19an

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2019ko urt. 11a, 12:26

Zapatu horretan 11:00etarako jarri dute hitzordua. Juan Bautista Mendizabal historialariak gidatuko du bisita, eta bertaratzen direnek udalaren historia, udalbatza aretoa, alkatetza nahiz erakundearen sail desberdinak ezagutzeko aukera izango dute.

Azkoitiko Udalak ate irekien jardunaldia antolatu du datorren urtarrilaren 19rako. Zapatu horretan 11:00etarako jarri dute hitzordua, eta udalak lehen aldiz zabalduko dizkie herritarrei udaletxeko ateak bisita egiteko; izan ere, bisita gidatu bat eskainiko dute horiek eraikina barrutik ezagutzeko eta bertako altxor historikoak ikusteko aukera izan dezaten. Juan Bautista Mendizabal historialariak gidatuko du bisita, eta bertaratzen direnek udalaren historia, udalbatza aretoa, alkatetza nahiz erakundearen sail desberdinak ezagutzeko aukera izango dute. Gainera, udal artxiboan gordeta dagoen 1324ko Azkoitiko herriaren sorrerako Hiri Gutuna eta Parrokiaren lehen planoa ere ikusi ahal izango dituzte. Jose de Lizardi arkitektuak 1730. urtean eraiki zuten gaur egun udaletxea dagoen eraikina, baina aurretik kartzela, kapera, zezendegia, alondegia eta korrejidorearen bizitokia izana da. Udaletxea plazako eraikinean kokatu aurretik Plaza Berriko bi tokitan egon zen. Udalak azaldu duenez, bisita udal ordezkarien eta herritarren arteko topagunea izango da: "Udala da herritarrek hurbilen duten erakundea, eta barrutik ezagutzera gonbidatu nahi ditugu herritarrak. Gure helburua da administrazioa herritarrei gerturatzea, nahiz eta hori modu natural batean ematen ari den. Duela urte batzuk, jendeari askoz gehiago kostatzen zitzaion udaletxeko ateak jotzea", azaldu du Ana Azkoitia zinegotziak.