Amaia Arteagaren GUTUNA: "Alai Batza, 30 urte"

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko mai. 12a, 15:45

Asteazkenean, maiatzaren 10ean, Floreagako On Bosco aretoan Alai Batzaren 30. urtemuga dela eta mahai ingurua izan zen. Bertan, Kristina Arrizabalaga, Zezilio Salas, Koldo Vergara, Iosu Irizar eta Amaia Arteaga egon ziren, eta Joxe Kruz Gurrutxaga izan zen moderatzailea. Alai Batzan ume bezala hasi ondoren, begirale moduan jarraitzeko erabakia hartzearen zergatia garbi dute begiraleek. Ume bezala jaso eta bizi zuten guztia oraingo haurrei transmititzearen garrantzia azpimarratzen dute. Edozein begirale boluntariori galdetuz gero, hau izango da jasoko den erantzunik esanguratsuena: “Eman doan doan jaso duzuna". Hala ere, garbi dute ez dela musu truk egiten dutena. Egia da ez dutela zentimo bat ere jasotzen, baina beraien lanaren trukean jasotzen dutena dirua baino askoz ere aberasgarriagoa dela diote, umeen irriak, umeen zoriontasunaren lekuko izatea da jaso dezaketen gauzarik baliotsuena. Hori da Alai Batzan gaur egungo begiraleen eta begirale ohien sentimendu nagusia. Umeen bidelagun izateak begiraleei pertsona bezala hazten laguntzen dietela ere esaten dute. Hainbat bizipen ere elkartrukatu zituzten. Esaterako, lehenengo kantaldiaren antolakuntza eta arrakasta. Umeentzako berria zen zerbait egiteak haurren parte hartze handia ekarri zuen, hemezortzi kanturen laguntzaz, hainbat haurrek On Bosco antzokiak gainezka egitea lortu zuten. Proiektu hori aurrera eramatea erabaki zutenean, Alai Batzak ez zituen gaur egun dituen baliabide guztiak, baina hala ere aurrera egitea lortu zuten, elkarlanean. Bitxikeri moduan, Kristina Arrizabalagak beraien lehenengo kluben topaketan bizitako momentu barregarri bat kontatu zuen. Azkotitik lau begirale joan ziren haurrez betetako autobus batean Deustura. Kluben tokapaketako antolatzaileek begiraleek mozorrotuta joan behar zutela esan zuten, eta azkoitiarrei esan eta horiek egin. Bertara iritsi zirenean mozorrotuta zeuden begirale bakarrak ziren. Oroitzapen ederrak dituztela garbi geratu zen. Ekonomiaren garrantziaz ere hitz egin zuten. Izan ere, Alai Batzak diru laguntzei esker  segitzen du aurrera hein handi batean. Gaur egun, guraso elkarteak, udaletxeak, salestarrek... laguntzen diote, sarrera kuotak ez baititu material kosteak berdintzen. Alai Batzaren etorkizunaren inguruan guztiek iritzi berdina adierazi zuten. Alai Batzak aurrera jarraitzeko hasieratik dituen helburuak, balioak... mantendu behar dira, horiek egin dutelako Alai Batza gaur dena. Gizartea aldatuz doan heinean begiraleek ere moldatu egin beharko dute, baina Alai Batzaren muinak tinko mantenduz lortuko da beste horrenbeste urte irautea. Erakundeen laguntza eta pertsona askoren lan isila eskertuz amaitu zen saioa. Giro bikaina izan genuen. Saioaren hasieran, kanpoan, ekaitzaren ondoren ostadar zoragarria ikus zitekeen. XXVIII. Kultur Jardunaldien hirugarren eta azken saioa Kantu Jira izango da, Floreagako euskararen normalkuntza taldearen laguntzaz. Maiatzaren 25ean, ostegunean, herriko kaleetan zehar euskarazko gaurko eta aspaldiko kantuak abestuko dituzte. Entseguak martxan daude. Egun hartan taldearekin kantatzera gonbidatzen zaituztegu guztiak. Amaia Arteaga, Alai Batzako kidea. Hona hemen asteazkeneko argazki batzuk: (Argazkiak: Juan Inazio Sudupe)