Hiru zientzialari, bi telefono dei

Erabiltzailearen aurpegia Jon Artano Izeta 2020ko api. 16a, 09:53

Sagurzaharzaleen ihesa. Presaka egin dituzte maletak. Hegazkin txartelak erosita zituzten, baina hegaldirik ez da aterako. Errepidea da aukera bakarra. Europa osoa pasatu behar. Eta muga kontrol mordo bat. Ez dituzte estu hartu, baina zirrara eragin die egun argiz autopistako zuzengune amaigabeetan bakarrik joateak. Ez da arimarik sumatzen. Ez da beste autorik ageri… ez aurrean, ez atzerako ispiluan, ez kontrako norabidean. Bi egun, 1.800 km. Duela bi aste iritsi dira.
Pragatik Aizarnara aldatu dute bizitokia bi zientzialarik. Susmoa joan den astean piztu zitzaidan, Zestoako gasolindegian. Furgoneta ezezagun bat abantatu zen ni iritsi ahala, Txekiar Errepublikako matrikula zeraman. Gaur konfirmatu didate susmoa, geratzeko etorri dira. COVID-19aren jatorrian saguzaharrak omen daude eta saguzaharren gainean asko ikertu dute bi hauek. Telefonoa inguratu eta deitu egin dut beren etxera:
—Bai?
—Esnatu ez hindudan egingo?
—Ez, ez, ez, lanean ari nauk. Zer moduz haiz aspaldiko?
...eta hogei minutuko berriketaldia izan dut Iñaki Odriozola Plati adiskidearekin. Lide Jimenez bikotekideak eta biek erabakia zuten etxera itzultzea hil amaieran, pandemiak azkartu egin die itzulera. Iñakik masterreko proiektua egin zuen saguzaharren gainean eta Lide lau urtez aritu zen belarriz ikusten duten priztia horien kontserbazio proiektu batean. Badira nor saguzaharrez jarduteko. Euskal Herri osoan ez dira asko izango saguzaharrez berek adina dakitenik. Aizarnako Konpittekon barraren ertzean kabituko lirateke. Lepoa egingo nuke.
"Bagenekian koronabirus gordailu sekulakoa dela saguzaharrena. Herpesak, errabia… Birus aldetik oso aberatsak dituk saguzaharrak kar, kar, kar. Gizakiongana pangolinetatik iritsi dela ere leitu nian, eta ez zaidak iruditzen inor saguzaharrak demonizatzen hasiko denik". Iñakik argi du: ezin dugula beste animaliaren juzgurik egin. Kulpanteak geu gara: "Zergatik gaixotu zaizkiguk Gipuzkoako pinu denak? Globalizazioa duk arrazoia. Geuk hautsi diagu oreka, gizakia duk monokultiborik txarrena. Pagotxa gaituk gu esplotatzen asmatzen duenarentzat, eta birus horrek asmatu dik".

Martin Atristainen testamentua. "1501eko azaroaren 21ean, Aizarnazabalgo Saiazen, Atristain baserrian bizi zen Martin Atristainek testamentua egin zuen. Etxe atarian eserita zegoen, izurriteak kutsatuta".
Heriotzari etxe atarian itxoiteak, bere gordinean, sosegua transmititzen du. Atristaingo Martinen patuaz zerbait ikasi badut izan da gaur beste zientzialari bati ere deitu diodalako. Iñaki Azkune zestoarra da, Antiguan bizi da, eta antigoaleko kontuetan jakintsua da. Antzina izurriak oso ohikoak zirela azaldu dit. Zestoa mendetan zehar bere ikerketa lanean bilatzeko esan dit. Hara Martin Atristainen azken borondateaz zenbait printza: Emaztearekin batera Aizarnazabalgo elizako ate ondoko hilobian lurperatu zezaten nahi zuen. Iroztegiko San Kristobal ermitako serorari urtero 100 marai eta otarkada gaztaina ematea agindu zuen. Eta baserria, bere ondasun guztiekin, Matxin semearentzat utzi zuen. Ez zen edozein etxe, baserrian zeuzkaten: zazpi behi, zaldi bat, bederatzi ahuntz, 23 ardi eta zazpi txerri.
Izurrite eta izurrite beltza hitzek sarrera mordoa dute Azkuneren ikerketan. "1400. urtean izurritea Bizkaiko itsasoaren kostaldean agertu zen: Zarautz, Getaria, Donostia… Laster hedatu zen Gipuzkoa osora". Globalizazioa ere ez da, agian, hain inbentu berria. Orain hegazkinez bezala lehen itsasontziz hedatu ohi ziren izurriak: "…euskal itsasontziak XIV. mendearen amaieran Kaukaso, Kanariar irlak eta Ipar itsasoraino iristen ziren. Getariako pilotu eta itsasontziak, esaterako, salgaiak garraiatzen eta merkataritzan aritu ziren. Mediterraneotik Flandes eta Ingalaterrarainoko bidea egiten zuten. Genoa, Pisa, Palermo, Brujas, Anberes, Londres, Bristol…".
Ez dakit nolako heriotza izan zuen Martin Atristainek, izurrite hartan protokolorik ezarri ote zuten agintariek. Gaur gertatzen denaz zerbait gehiago dakigu. Berriki aita galdu du Aizarnazabalgo lagun batek. Gau eta egun izan da bere ondoan azkenera arte. Oso gogorra izan dela esan dit, segurtasun neurriengatik, beste senideek ezin izan dutelako sartu gizona agurtzera.
Ziento bat artikulu leitu ditut pandemiaren gerokoaz. Erdi Aroan, izurriteen ostean, uzta txarrak eta goseteak etorri ohi ziren. Egunotan plazaratutako iritzietan batzuk ezkorrak dira; besteak baikorrak –honetatik eskarmentua hartu eta mundu berri bat sortuko dugulakoan–.
Prest egon beharko dugu. Onerako eta txarrerako. Eta okerragorako.