Drakula sastakatu genuenekoa

Erabiltzailearen aurpegia Jon Artano Izeta 2021ko mai. 20a, 09:00
"…Kanalean ireki genuen Dracula".

Zorro biodegradagarritatik atera gabeko Argiak, erredakzioan emandako soberako orduak, eta mesanotxeko liburu multzoak gehiegi ugaldu zaizkit. Behar dut eta zilegi bekit, lerro hauetan behintzat, ihesa.

Eta eguneroko kakatzatik ihes betea, inon izatekotan, barkazioak eta literatura gurutzatzen diren unean eta lekuan datza niretzat. Bi horien premia dut, baina zain egotea tokatzen zait. Eta oroitzapenetan zanbulla egitea.

Hogei urte aurki. Anaia eta biok Eskandinaviara joan ginen bizikletak hartuta. Aurreneko bidaia handia genuen mano-mano, eta lekutako eztabaidak izan genituen zakutotan zenbat eta zein liburu sartu ebazteko. Pare bat nahikoa zirela, berak; kaskatuta al hago?-ka, ni. Azkenean, behintzat, neure borondatea inposatu eta bost bat liburu eraman genituen, lodikoteak batzuk, geure zorionerako.

Gertatu zitzaigun hara joan aurretik nik ez nuela asko entrenatu. Eta gutxi ere ez. Bizikletarik ukitu ere ez nuen egin Norvegiako iparraldeko puntan hegazkinetik jaitsi ginen arte. Anaiak, berriz, Evenepoelen eta Bernalen pareko sasoia zekarren. Gantxoarekin eraman ninduen, harik eta bosgarren egunaren amaieran, orpazurda golden sagartzar guri baten pare puztua nuela akordatu nintzen arte. "Tendinitis-bursitis", esan zigun ikusi ninduen medikuak, eta astebetean geldirik egoteko agindu. Geldirik non baina? Lakselven geunden. Ilustratuko zaituztet: Lakselvera Barents itsasoa sartzen da Porsangerfjorden fiordoan. Bai, izenek iradokitzen duten bezain urruti geunden. Hango 'kaleko' 'giroa' ez da Aristerrazuko erromeria, eta klima ere… prexko antzekoa. Bihar-etzitarako elurra agindu diete lakselvdarrei. Gure abuztuko egonaldi hura epelagoa joan zen: zazpi-zortzi gradu, haizea, eta euria genituen; xentimorik batere ez. Jarri genuen kanpin denda ahabi-sail baten erdian –zuhaixkek ohe biguna egin ziguten– eta han egon ginen, lau-bat egun, denda barrenean. Gosaria su-txikian berotu eta irakurraldia, bazkaria kozinatu eta irakurraldia, afaria eta irakurraldia. Obramenduak egiteko baina ez ginen kanpora ateratzen. Minatuta utzi genuen ingurua.

Oroitzapen mundiala dugu Lakselvkoa, batik bat han leitutakoengatik. Gogoan ditut gehienak: Irvingen Setting Free the Bears, Senderen La aventura equinocial de Lope de Aguirre, Gabiriaren Connemara gure bihotzetan, eta Mankellen bat ere bai, Wallander inspektorearen serieko bat. Eta, ez, ez da urteek ederretsitako oroitzapena. Momentuan ere, goxatu egin genuen.

Ez da izan liburuek oporraldian salbatu nauten aldi bakarra. Dozena erdi urte geroago Txilen ibili nintzen, neska-lagunarekin. Bidaia hartan harremana kraskatzen hasi zitzaigun. Suabe esateko: Lakselvko eguraldia baino petralagoa zen gure artekoa. Ihesbidea E. Lucas Bridgesen El último confin de la Tierra. Autobiografia zoragarri bat, egilearenaz gain, Suaren Lurraldearen historia biltzen duena. Marka da munduaren beste puntara joan eta liburu batean murgilduta pasatzea orduak. Baina ni hantxe gustura, babesean.

Esploratzen ari ginen parajeari lotutako nobelak leitzea gehiagotan ere egin dugu. Transilvanian jo genuen klimaxa. Hiru lagun joan ginen eta bakoitzak liburu bana eraman genuen, irakurri ahala elkarrekin trukatzeko ideian. Abiatu aurretik jasotako aholkuari esker (bejondeinala Garbiñe!), Bram Stokeren Dracula eraman nuen nik. Bai asmatu ere! Beste bi lagunak ez ziren ari gozatzen beren aukerekin; nik, berriz, lainezatuta, muturren aurretik pasatzen nien gauero nire emoxioa. Otso uluak egiten nizkien beren irakurraldiak etenaz. 31 eskutik neuzkan sugestio estrategiarako: Jonathan Harkeren diligentzia gu genbiltzan mendi bide eta baso ilun haietantxe sartu zen, kondearen gaztelurantz… Berandu baino lehen biak xextran ziren ea nork ekingo zion Draculari, nik amaitzean. Baina ez zuten itxaron… gau batez, labana eskuan, eta begiak diz-diz, onena liburua erdibitzea zela jakinarazi zidaten; nola esan ezetz!? 333. orritik atzerakoa leitzen segi nuen nik; beste biek zotz egin zuten zeinek egin kolpe lehen zatiari.