Marrualdia

Erabiltzailearen aurpegia Jon Artano Izeta 2021ko ira. 30a, 09:17
Egilea: Hehaden.

"Aditzen al dun? Zer da hori, motozerra hotsa? Edo animalia baten marrua?". Arreta jarri ahala isildu dira orroak. Geu ere isilik goaz, mendatean gora; arnas hotsa eta pedalierraren kirrinka. Eta, han! Berriz orroak. Eta berriz isiltasuna. Itsasargi mantso baten modura, tarte luzeen ostean, itzuli dizkigu orroak mendiak. Behin eta berriz. Gertuago entzuten dira orain… aurrena beti orroa lodia, behekoa, eta hari erantzunez beste orroa, goragokoa. Dagoeneko nabarmena da animalia marruak direla. Zorigaitzen batek banatutako behia eta txahala irudikatu ditut, herioan, elkarri deika. Sakan bat dago tarteko, baina pareko mendi magalean ari da gertatzen dena. Ezinegona handitu dit marruak gero eta ozenago entzuteak. Begiak pareko mendi hegalera josita daramatzat, eta, bat-batean: dziu-dziu, bi piztia elkarren segidan, sasitik basora. "Ikusi al dun!? Ikusi al dun!?". Oihuka hasi natzaio lagunari. Bizikleta laga eta bide bazterrean jarri gara, kieto, basoari so. Urruti gaude, eta ilaje iluneko bi itzal baino ez ditut sumatu nik; aztarrenik ez zer animalia klase diren. Badira urte batzuk otsoa mendi hauetara itzuli zela, eta marruka ari direnak otsoen ehizaki ote diren bururatu zait. Imajinazioa bista baino urrutiago iristea zer den. Halako batean, beste ilaje arre bat agertu zait, eta beste bat, eta beste bat… bost-sei badabiltza… ene! Oreinak dira eta! Ze otso ta ze otxokuarto! Oreinak, eta iraila hondarrera gerturatuta: marrualdia!

Atzo zortziko kontua da goiko hori, Teruelgo mendialdean gertatua. Gurean ere badira marrualdiak, ordea. 48 ordu lehenago bizi izan nuena, konparazio batera…

Astelehen iluntzea da, eta autobidean nator Donostiatik etxera. Arroako irteeran eskuineko erreian sartu naiz, automatikoan. Bidegiko langile bat hesi inguruan dabilela ikusi dut, eta alto eman dit. Agiraka ari zait, errietan hitzez eta keinuz. Zerbait gaizki egin dut nonbait. Leihoa jaitsi dut eta ea nolatan sartu naizen handik, ea ez al dudan ikusi hesia goian zegoela, egiteko atzera segituan… Arnasa hartu eta burua atera dut leihotik. Irribarre egin diot. Eta esan diot ez dudala atea itxita zegoenaren X argirik ikusi, ezta lurrean konorik ere, esan diot gainera makinak kobratu didala, kopurua ageri delako pantailan eta semaforoko argi berdea piztu zaidalako… Builaka segitzen dit, bekozko beltzez, nahita zerbait gaizki egin banu bezala. Eta, orduan, lehertu egin naiz. Orro egin diot. Marru basatia izan da. "Niri ez egin garrasirik!". Izoztuta geratu da autobideko langilea. Neu ere harritu egin nau neure orroak. Eztarria urratu dut lau hitz horiekin. Autoaren aurrean alboz jarrita dago orain langilea, geldirik, behera begira, hasperenka. Suak hartu nau. Amorruak. Lau kilometro baino ez ditut etxera eta neure onetik irtenda ailegatu naiz. Baina jada ez da haserrea; tristura da. Erruduntasuna. Ezin ulertua.