Amalia, Anttoni eta Antoñita

Erabiltzailearen aurpegia Jon Artano Izeta 2021ko urr. 28a, 09:58

 

Amalia Rodrigues.

"Erabakita dut: nik ez dut gehiago bidaiarik egingo. Turismoa mundu mailako sarraski kultural bat da. Baita ekonomikoa ere. Dena suntsitzen du". Mundua pixka bat korritutakoa da laguna. Ameriketako puntan ere bizi izan zen bolada batez. Nabarmen samarra egin zait gero eta indar handiagoa hartuko duela pentsamolde horrek: plazeragatik bidaiatzeari uko egiteak. Baina lehenengo aldia da norbaitek hain modu kategorikoan esan didana. Gainera bidaiak eta turismoa gauza bat eta bera balira bezala hitz egin dit. Pentsakor utzi nau. Nire lagun horrek izango ditu herrenak, baina printzipioak hasieran jarriz egin ohi ditu bizitzako hautuak, eta bere asmoa irmoa dela iruditu zait. Azkenengo bidaia egina izango luke, beraz…
Bere lehen bidaiaz, gogoz kontrako bidaia batez, aritu zait biharamunean familiako lagun bat, autoan elkarrekin gindoazela. «Oso umea nintzen, bost urte neuzkan, baina gauza asko akordatzen zaizkit; eta oso garbi gainera». Eta kontatu dit nola automobilean sartu zuten, eta iltzatuta geratu zitzaion despedidakoa: amama Zestoako etxe atarian eskuarekin agur-agur eginaz, nola ikusi zuen automobileko leihotik. 1936ko abuztua edo iraila zen eta ihesi joan ziren. "Bilbora iristean, zinema areto handi batean sartu gintuzten, gu bezala ailegatutako beste jende mordo batekin…". Zinema areto batean? -nik-, eta "Bai. Eta gauean pelikula bat proiektatu ziguten: Frankenstein! Ene! Zenbat amesgaizto izan nituen gerora pelikula haren erruz!".

Amesgaiztoak Boris Karloff-en erruz gauez eta egunez ere larri: "Bonbardaketak ezagutu genituen han. Denak saltaka herioan, ni amaren gonari helduta. Sirena hots hura ere ez zait ahaztu". Eta bere odiseako kontuak esaten segitu du. Adibidez nola hiru ontzitxotan itsasoratu ziren iheslari talde bat. Ama eta arrebarekin erdiko ontzian zihoan bera, eta azaldu dit bere begiekin ikusi zuela aurreko ontzia lehenik, eta atzekoa gero, nola bonbaz jo eta hondoratu zituzten…

Drama eta espanturik gabe xehatu ditu bere bizipenak. Alabaina hotzikara eragiten duen kontakizuna da. Pentsatu dut gaur egun ere makina batek egiten dituela tipo horretako bidaiak gurera iritsi nahian, baina horrek ez didala hain erraz eragiten hotzikararik.

Bidaia hura, bidaia denak bezala, etxera itzultzean amaitu zen. Eta beltzetik zurira egin du bere jardunak. 40 eta 50eko hamarkadetako beraneoaz aritu zait. Turismoak eguteran jarri zuen gerra osteko Zestoa. Egunero dantzaldiak eta pilota partidak. Automobil amerikarrak barra-barra… Garai hura ezagutu zuten zestoarrak saudadeak jotzen ditu ordukoaz aritzean. Portugalgo aberats jende asko etorri ohi zen gurera. Baita fadoaren erregina ere.

"Herrira etorri zenerako ezagutzen genuen Amalia Rodrigues, disko bat bagenuen etxean eta irratian ere jartzen zuten. Espirito Santo bankariarekin azaldu zen hemen. Hura zuen mezenasa, ….edo maitalea, …edo dena delakoa. Izan ere, beste denak etortzen ziren Zestoara keridarekin, jende handia behintzat bai: gizona familiarekin Bainuetxean edo Arocena hotelean, eta señoritak herriko pentsioren batean. Guk kerida horiek denak ezagutzen genituen, eguzkitan egoten ziren, taberna atarian, parpailadun gonarekin eta oinutsik, zapatarik gabe, askotan".

Zestoako festetan ikusitako eszena bat deskribatu dit helmugara iristear garela. "Zezenketarako plaza leporaino beteta zegoenean ireki ohi zieten ate nagusia Portugalgo señoritei. Eta haiek plaza zeharkatu ohi zuten Koioteneko balkoira joateko. Han azaldu ziren rebeca jertse estu-estuak soinean, bularrak markatuz, oinutsik eta harro, Amalia Rodrigues denen buru. Hura jendearen txalo txistu eta oihua!".

Kalkulatu dut, eszena hori izan zen garaian gure amama Anttoni Koioteneko barran zerbitzatzen aritzen zela, eta gure amama Antoñita Zestoara etortzen hasia izango zela bere familiarekin, urak hartzera. Anttonik, alargundu ostean, zortzi seme-alaba (tartean, gure ama) atera zituen aurrera udan dozenaka udatiar hartuz urtez urte. Antoñitak herriko seme bat hartu zuen senartzat eta lau seme-alaba ekarri zituzten (tartean, gure aita).

Bueltan-bueltan konturatu naiz turismorik izan ez balitz ez nengokeela hemen; ez nintzatekeela. Beste bati galdetu turismoaren neurri egokiaz.