Koloreez

Erabiltzailearen aurpegia Jon Artano Izeta 2021ko aza. 25a, 10:33
Zestoako eskubaloi taldekoak. (Jon Artano Izetak utzitakoa)

Gorria da udazkena. Nabarmen. Edo? Dirudiena baino kontu sorginagoa da, koloreena. Zeuek ere jardungo zineten, inoiz edo behin, ondokoarekin disputa gorrian jertsea urdina edo berdea den ebatzi ezinda. Pertzepzioa bakarrik ez, izena ere mudatzen da segun eta nori galdetzen diozun. Umetan bagenuen txakur txiki bat etxean, Dunbo jarri genion. Kaletarrentzat marroia zen; baserritarrentzat gorria. Igandean Hernio puntan izan ginen aspaldiko partez. Handik xarmagarri ageri ziren udazken kolorez jantzitako baso txatalak zelai berde artean, baita gaitzak erasandako pinudiak ere. Izurriari banda marroia, edo gorria, esaten diote. Eta zein aplikatuko guri Hernioko gurutzean? –eta hau ez da lizentzia literarioa– Marino Lejarreta aizue! Hark ilajea aspalditik urdindua duela esango genuke; begitara zuria eman arren.

Eta gero badira beste kolore batzuk, bihotz begiekin begiratzen ditugunak. Zuri-beltzean bizitako kontuak dakartza azaroko Danbolin aldizkariak. 50 urte bete dira Zestoako eskubaloi taldea sortu zutela, eta kontu jakingarri batzuk bildu ditugu urtemugaren harira. Kontatu dugu, adibidez, zergatik den
Zestoako kirol taldeen elastikoa txuri-beltza. Bere xumean entrañablea da pasadizoa.

Eta bururatu zait: inguruko herrietakoek ba ote dakite zergatik dituzten beren taldeek dituzten koloreak? Sarean ez da erantzunik. Zergatik dira gorriak gorrixek? Anaitasunaren gunetik hau: "1923an Azkoitian sortutako Iraurgi Futbol Elkarteari zor zaizkio gaur egun taldeak dituen koloreak", nork noiz aukeratu zuen gorria bai, baina zergatik? "Oso galdera interesantie eittezu" esanaz erantzun dit Azkoitiko kronista ofizialak, Juan Bautista Mendizabal jaunak, whatsapp audioz. Bere susmoen arabera, kolore gorria "kasualitate baten ondorio" dela-eta esanaz jarraitu du. Eta bere hipotesia azaldu behar zidala zirudienean… cliffhanger amaiera eman dio mezuari "…ya martxan martxan jarri det nere ikerketa, galdera batzuk eginaz pertsona batzuei. Deituko dizut ezer berririk daukatenean".

Oriora ere egin dut galdera. Segituan erantzun dit Iñaki Iturainek. Orioko patroiak liburuko pasarte hauxe bidali dit: "1940tik jokatu dute Orioko estropalariek beti, hutsik egin gabe, kolore horiko kamiseta soinean dutela. Urte hartara arte kamiseten kolorea aldatu egiten zen urtez urte (…) 1940ra arte bost aldiz lehiatu ziren kamiseta horiarekin eta bost horietatik hiru aldiz trapua herrira ekarri zuten, horregatik aukeratuko zuten kolore horia, noski; edo, bestela, begibistako arrazoiengatik: Oria ibaiaren ertzean bizi diren oriotarrei horia dagokielako: Orio-herria, Oria-ibaia, horia-kolorea".

Fundamentuzko bi hipotesi hor, Iturainek emanak… Konformagaitza izan, ordea, eta Ibon Gaztañazpiri deitu diot. Gaztañak eskoratu dit koloreen kontuba… Hor hasi zait kresala sartzen telefonotik belarriko zulora: "Hasierako garaietan arraunlari bakoitzak nahi zuen moduan jantzita tiratzen zian. 1924an uniformatzea ezarri zitean, baina koloreak zotz eginaz. 1924tik 40ra tokatu izan zuan Zumaia horiz aritzea, Orio gorriz, Getaria berdez!.. Horrela segitzerik ez zegoela eta gerra ondorenean bilera egin zitean Donostian. Bilera hartan zozketaz hurrenkera ezarri eta talde bakoitzak betirako kolorea aukeratzea zuan adostutakoa. Zozketa egin aurretik, ordea, Oriok horia eskatu omen zian, herria eta errioaren izenagatik eta, eta gainontzekoek onartu. Gero zozketa egin zitean, eta banan-banan denek aukeratu zitean kolore bat… eta azkenerako, arrosa geratu! inork nahi ez zuen kolorea. San Juanek hartu behar izan zian arrosa, beren ordezkaria berandu iritsi zelako bilerara. Hau dena egia duk, e! Ez kondaira! Gaur egun liburutegia dagoen eraikinean, udaletxe zaharrean, egin zitean zozketa". Izango da egia, eta se non è vero, è ben trovato.

Zestoakoa ez dizuet kontatu. Hara nola izan zen geure koloreena… 1971. urtean, orain bezala, taldeek bina ekipazio eduki behar izaten zituzten, kontrarioaren elastikoa norberarenaren antzekoa izanez gero, aldatzeko aukera izateko. Borondatez ondroso baina diruz larri zebiltzan eskubaloi taldea sortu zuten gazteak… eta sos batzuk aurrezteko zegoenik eta kamisetarik arraroena aukeratu zuten, marra horizontal zuri eta beltzekikoa. "Presoek komikietan zeramaten jantziaren tipokoa. Donostiako Alzugaray dendan erosi genituen. Eta, gauzak zer diren, azkenerako gustua hartu genion eta denoi iruditu zitzaigun oso polita".