Etxea trukean

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Loiola 2020ko mar. 5a, 09:24

Haurra nintzela, kanpin batera joaten ginen oporretan, Cambrilseko kanping berdinera urteak joan eta urteak etorri. Izan genuen aldaketa nabarmenena, erosotasunari dagokionez behintzat, kanpin-denda tradizionaletik bigarren eskuko orga-denda batera pasatzea izan zen; alegia, koltxoneta puzgarrietan lo egitetik koltxoi baten antzeko zerbaitetan lo egitera. Pribilegiatua sentitzen nintzen horrelako oporrak izateagatik; izan ere, nire lagun batzuk udan beraien aitona-amonen herrira joaten ziren arren, gehienek herrian bertan igarotzen zuten uda.

Nire semeak izan dira kanpin batean behin baino gehiagotan, baina ez dute lotarako koltxonetarik ezagutu, bungalowek eskaintzen dituzten erosotasunen truke ordaindu izan baitugu beti bikotekideak eta biok. Nora joango gara aurten oporretara? galdetzen digute udaberriko lehen loreak usaintzean. Asko aldatu baitira aisialdiaz gozatzeko moduak: autokarabanak (edo horixe diruditen furgonetak gutxienez), lau izarretako hotelak, hegaldiak, jolas-parke, ur-parke eta parke tematikoak. Dena dugu eskuragarri. Eta irisgarritasunak asperdura ere sortzen duenez, gozamenaren mugan kokatzen diren bizipen esklusiboak ere eskaintzen zaizkigu geroz eta gehiago: Bahametako luxuzko hotel batean txerri artean egin dezakezu igeri (hori leku askotan egin daitekeen arren, kasu honetan, txerriak lau hankakoak dira), hormigoizko hodi baten barruan lo egin Austrian...

Guk, txerri eta hormigoizko hodirik ez, baina etxe-trukea deskubritu genuen joan den urtean: zu, ezagutzen ez duzun norbaiten etxera joaten zara oporrak igarotzera, eta beste hori, zure etxera etortzen da. Urte batzuk ziren gaiak tentatzen gintuela, baina ez ginen lehenago animatu; susmoa dut familian bost kide garenetik hoteletako family roomen prezioak bere eragina izango zuela.

Kontua da, deskubritu dugula nahiko ezezaguna den oporrak egiteko modu honek uste baino abantaila gehiago dituela. Lehenik eta behin, nola ez, poltsikoan nabaritzen dena; edozein tokitako edozein hoteletan ordaintzen dena ezin da alderatu etxe-trukeak eskaintzen dizun zero-euroren-trukeko egonaldiarekin. Asko gustatu zaigun beste alderdi bat kokapenarena da, bertakoa den norbaiten etxea izanik ez baituzu gune turistiko batean ostatu hartzen; eta horrek, lasaitasunaz gain, bisitatzen duzun lurraldeari beste leku batetik begiratzeko aukera ematen dizu: auzokideak ezagutzen dituzu, zure haurrek beraien haurrekin jolasten dute; eta, ohartzerako, Danimarkako garagardoa edanaz bertako amatasun baimenez mintzatzen ari zara ondokoaren lorategian, edo Arizkungo txistorra eta ardo txuria dastatzen jendez beteriko egurrezko mahai luze batean. Hirugarren abantaila, umeekin bidaiatzen baduzu bereziki, espazioa dela esango nuke. Etxe bat daukazu zuretzako osoosorik; etxea eta etxean dagoen –ia– guztia: helduen lasaitasunean lagunduko duten haurrentzako jostailuak, bizikletak, hondartza edo igerilekurako osagarriak... Konturatu gara, gainera, indibidualismoan eta jabetzan –besteak beste– oinarritutako gizarte honetan, lanketa pertsonal eta familiar polita egiteko aukera eman digula sistema honek: zure pribatutasuna irekitzen duzu eta beste norbaitenean sartzen zara; besteekiko konfiantza, gauzak zaintzeko modua, ez da berbera hotel batean edo norbaiten etxean bazaude.

Ezer ez da guztiz perfektua, jakina, eta etxe-trukeak baditu bere alde ez hain onak ere. Adibidez, hotel bateko erosotasunei uko egin behar diezu, ez du inork zuretzako sukaldean egingo (nik bezala, superbikotetxatxi bat ez baduzu behintzat), ez dizu inork ohea egingo eta oporrak amaitzean etxea garbitu beharko duzu. Bestalde, familia batekin truke bat adostu bitartean, aurreko lan handia dago: bisitatu nahiko zenukeen lekuan dauden etxeak ikusi eta aukeratu, beraiekin harremanetan jarri, bi familien planak bat egiten duten aztertu, beste leku batzuetatik jasotzen dituzun proposamenak ikuskatu eta erantzun. Hori bai, gure ezagutza geografikoak nabarmen zabaldu dira denbora gutxian.

Joan den astean Nantes ondoko familia batekin lotu genuen trukea datorren udarako, eta Aste Santuko oporretan Ultzamara joango gara. Edo ez. Agian, koronabirusaren berrogeialdiak atxilotuta etxetik mugitu ezinik geldituko da mundua, berehala asmatuko duten opor-online esperientzia berri –eta garesti– baten zain.