Puntuka

Zoria

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2023ko aza. 2a, 11:00
Karlos II.a, Wilhelm Humer margolariak eginiko erretratuan. (Hitza)

Jesus Mari Olaizola Txiliku-k gaurko Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzia da honakoa.

Liburu artean aritzen garenok izan ohi dugu, noizbehinka, paperetatik datorkigun halako ezustekoren bat, eta joan zen astean halaxe gertatu zitzaidan Gipuzkoaren ‘bestelako’ historia posible batekin egin nuenean topo: une jakin batean zoriak bide alternatibo bat hartu izan balu, gure bizitzeko era eta gure statusa ez zatekeen gaur direnak izango. 

Dena letorke XVII. mendearen amaieratik, edota, zehatzago esanda, Espainiako Habsburgotarren azken errege Karlos II.aren osasun txarraren eta antzutasunaren erruz. 

Jakina da zenbait familiak (Karlos II.aren Habsburg familiak, esaterako) izaten duela errege-erregina izateko grazia berezia Jainkoak berak emana (Dei gratia), eta horri helduta lurralde zabaletako jaun eta jabe izan daitezkeela. Eta grazia hori askoren artean ez banatzeko edo, jauntxo horiek joera dute elkarren artean elkartu, ezkondu eta ugaltzeko. Jakina, endogamia gero eta handiago egiten denean, gaixotasunak ager daitezke, eta halaxe gertatu zitzaion Karlos gaixoari. 6 urte bete arte ez zuen ikasi oinez, eta 9 urterekin ere ez zen aise ibiltzen, ez zuen erraztasunez hitz egiten, ez zekien ez irakurtzen eta ez idazten eta larri-larri zenbatzen zuen ehun arte. Gainera, 4 urte besterik ez zituela hil zitzaion aita (Filipe IV.a) eta berehala hasi ziren Leopoldo enperadorea (Habsburg familiakoa) eta Frantziako Luis XIV.a erregea (Bourbon, borboia) mutiko elbarria noiz hilko zain haren lurraldeak elkarren artean banatzeko.

Nola edo hala, Karlos gizajoak asmatu zuen 39 urte osatzen mundu honetan. Nola edo hala, forentsearen esanetan hildako erregeak "ez zeukan gorputzean odol tanta bakar bat ere, bihotza piper-ale baten antzekoa agertu zen, birikak pipiak janak bezala, hesteak ustelduak, barrabil bakar bat ikatza bezain beltza eta burua dena urez beteta". 

39 urte bai, baina semerik ez. Horrek ekarri zuen Espainiako Ondorengotzako Gerra. Baina hori beste historia bat da, eta goazen gurera.

Karlos hil baino urte pare bat lehenago, ikusirik Espainiako erregearen planta, Europako potentzia nagusiek (Ingalaterra, Herbehereetako Probintzia Batuak eta Frantzia) Hagako Ituna sinatu zuten Espainiako Koroaren zatikatzea gauzatu eta hil-bidean zegoen erregearen ondorengoa(k) izendatzeko. Luzamenduetan ez hasteko, esan oinordeko izendatua Bavariako Jose Fernando zela, Karlos II.aren ilobaren semea, eta baztertua beste iloba bat, Luis Frantziakoa (Frantziako errege Luis XIV. semea eta Karlos II.aren iloba).

Luis Frantziako horrek (Frantziako Grand Dauphin, erregearen lehenengoa ondorengotzan) inbidiarik izan ez zezan edo, ordezko zerbait eskaini behar, eta eskaini zioten: Napoliko eta Siziliako erresumak, Finaleko markesgoa (Liguriako kostaldean, Italian), Toscanako Stato degli Presidii deitua eta Gipuzkoa! Bestalde, Bavariako Jose Fernandok jasoko zuen Espainia osoa (Gipuzkoa izan ezik), Herbehereetan Espainiak zituen lurraldeak eta Indiak (Ameriketako lurraldeak, alegia).

Tira, urek bide luzea egin dute ordutik, eta ez du merezi lokazti gehiagotan sartzea, baina ikusi zer gerta zitekeen sinatutako itun hura bete izan balitz. Gipuzkoa lotuagorik egon zitekeen Euskal Herriko Iparraldearekin Hegoaldearekin baino (frantsesagoak izango ginatekeen), eta, gainera, kideak izango genituzke Genovan, Florentzian eta zinemako filmetan hain sarri agertu ohi diren Toscanako lurraldeetan. Bestalde, ez harritu atzeko atetik sartuta izatea Camorra eta Cosa Nostra ere…

Seguru asko, gauzak ez ziren askoz hobeto joango, kontuan izanik Luis (Gipuzkoan Luis I.a izan zitekeena) borboi familiakoa zela, ‘benetako’ borboia, gainera (hiru seme-alaba izan zituen emazte ofizialarekin, eta beste lau, behintzat, amorante ‘ofizialekin’). Historiaren zalantzak eta balantzak nolakoak izan daitezkeen zer pentsa ematen digu, ordea, Hagako Itun horrek: zoriaren kontuak, eta ez hautu-kontuak, direla, maiz, lurralde baten etorkizuna markatzen dutenak. 

Luis izan ordez, haren seme Filipe V.a izan zen Gipuzkoako, eta Espainiako, erregea Karlos II.aren ondoren, eta dakigun moduan joan zaigu dena. Zoriaren kontuak.