Saretzen proiektua

"Autobideko sarrera-irteera berria izan da erabakiorra gure erabakian"

Onintza Lete Arrieta 2022ko aza. 29a, 12:00
Jabi Roman eta Eli Martin Orioko bizilagunak. (Onintza Lete Arrieta/UKT)

Inguruko herrietako biztanle andana joan da Oriora bizitzera azken bi hamarkadetan. Horietako bi dira Jabi Roman eta Eli Martin bikotea. Urnietarra eta andoaindarra dira, eta "oso gustura" daude duela bederatzi urte hartutako erabakiarekin.

Urnietarra eta andoaindarra zarete. Zergatik aukeratu zenuten Orio bizitzeko?

Jabi Roman: Etxe bat erosteko pausoa eman nahi genuen, eta Urnietan, Andoainen eta Astigarragan aritu ginen etxeak begiratzen. Elik entzun zuen Orion promozio berri bat egingo zela, eta ikustera joan ginen. Gustatu, eta 2010ean erosi genuen etxea.

Eli Martin: Hiru urte geroago, 2013an etorri ginen bizitzera, eta beldur pixka bat bagenuen, Orion familiarik ez dugulako, eta hutsetik hasi behar genuelako. 

J.R.: Argi genuen seme-alabak eduki nahi genituela, eta bagenekien momentu gogorrak pasatu beharko genituela.

Alde txarrak dira horiek, ordea. Onik ez dago?

E.M.: Bai, noski. Jabi kostaldean bizi zen azken urteetan, Donostian, eta alde horretatik Orio nahiago genuen barnealdeko herri bat baino. Hondartzara joatea gustatzen zaigu, eguzkizaleak gara... Orio, gainera, laua da eta zerbitzuak ditu. Eta autobidean Donostiarako sarrera-irteera ireki zutenetik gertuago bezala ikusten da Orio. Azkenik, beti pentsatzen da kostako herrietan etxeak garestiagoak izango direla, baina Urnietan eta Andoainen ere ez zeuden batere merke.

J.R.: Autobideko sarrera-irteera hori egotea nahiko erabakiorra izan zen erabakia hartzerakoan. Donostian egiten dut lan, eta hamabi minutuan iristen naiz. 

Eta zer moduzko esperientzia ari da izaten?

J.R.: Momentuz oso ondo moldatzen gara eta ez nuke beste ezergatik aldatuko Orio. Gainera, kirolagatik jende pila bat ezagutu dut hemen, ate pila bat ireki dizkit. Bestela ere, nahikoa irekiak gara, eta oso ondo moldatzen gara jendearekin.

E.M.: Haurrak izateak ere laguntzen du jendea ezagutzen. Parkean, eskolan... hasten zara hizketan beste gurasoekin, eta konektatu egiten duzu. Bestalde, toki ezezagun batera zoazenean, zeuk ere asko jarri behar duzu zeure partetik. Herrian sartu behar duzu ekintzetan parte hartuz, kiroldegira joanez... 

J.R.: Euskara ezagutzeak eta erabiltzeak ere asko lagundu digu. Berandu ikasi nuen euskaraz, eta Orion ausartzen naiz hitz egitera.

Herria asko hazi da azken hogei urteetan. Zuek nabaritu duzue hazkunde hori?

E.M.: Ikusten da kanpoko jende ugari bizi garela Orion. Azken urteetan etxe asko egin dira, eta kanpoko jende asko etorri da.  

J.R.: Gure etxebizitza blokean ia inor ez da oriotarra: zarauztarrak, donostiarrak... dira. 

E.M.: Gertuko herrietakoak, baina oriotarrak... Bikotekideetako bat bai agian, baina biak... 

Nahikoa zerbitzu baditu? 

J.R.: Herria primeran dago. Faltan sumatzen duguna da ume parkeren bat estaltzea, negua pixka bat gogorra izaten delako hemen.  

E.M.: Umeak hezteko herri oso-oso polita, erraza eta lasaia da: parke ugari ditu, mendia eta hondartza ditu, kirol aukera asko dituzte probatzeko... Kalean beti topatzen duzu norbait ezaguna, eta horrek lasaitasuna ematen dizu; gaztetxoak oso lasai ibiltzen dira herrian.