Euskara, trukea eta elkarlana

Aiora LarraƱaga Solaberrieta eta Aitziber Arzallus 2022ko abe. 1a, 09:00
Iazko Liburuen Truke Azoka.

Abenduaren 17an Jostailuen eta Liburuen Truke Azoka egingo dute Orioko Herriko Plazan. Herrio natur taldeak, Orioko Herri Ikastolak eta Zaragueta Herri Eskolak elkarlanean antolatu dute azoka, aurten aurreneko aldiz. Herri natur taldeko Amaia Urkolak, Ikastolako zuzendari Amaia Ugaldek eta Zaraguetako zuzendari Ainhoa Zumetak eman dute ekimenaren berri.

Herrian pareko ibilbidea izan dute Zaragueta Herri Eskolak Euskararen Egunaren bueltan antolatzen duen liburu azokak eta Herrio natur taldeak Gabonen bueltan antolatzen duen jostailu erabilien truke azokak, eta bi ekimenen filosofia antzekoa izaki, eta indarrak bateratze aldera, Orioko Herri Ikastolari ere proposamena egin, eta aurten azoka elkarrekin antolatzea erabaki dute. Horrela, Jostailu eta Liburuen Truke Azoka izango da aurtengoa eta abenduaren 17an egingo dute, Herriko Plazan, 10:30etik 14:00etara.

Aurrez, liburuen zein jostailuen bilketa egiteko hainbat hitzordu jarri dituzte: bihar, 16:00etatik 17:00etara, Zaragueta Herri Eskolan, eta 16:30etik 17:30era, Orioko Herri Ikastolan; eta abenduaren 16an, ostiralez, 17:00etatik 19:00etara, Herriko Plazan. Etxean alferrik dituzten eta egoera onean dauden jostailuak eta liburuak eramateko eskatu diete herritarrei. Materiala eramaten duten herritarrei koloretako txartelak emango dizkiete, azoka egunean trukatu ahal izateko. 

Orain arte, alde batetik Jostailuen Truke Azoka eta Liburuen Truke Azoka egin izan dituzue. Zer dela-eta erabaki duzue aurten dena batean egitea?

Amaia Urkola (Herrio): Proposamena Zaragueta eskolatik iritsi zitzaigun. Formatu eta helburu antzekoa izaki, bi azokak bateratzea zer iruditzen zitzaigun galdetu ziguten, eta guk oso egoki ikusi genuen.
Ainhoa Zumeta (Zaragueta): Bi ekimenak uztartzeko aukera polita zen, eta Orioko Ikastolari gonbidapena luzatu genion.

Zaraguetak aurretik antolatzen zuen ekimena, Euskararen Egunaren harira. Hori eraldatu egin duzue, egitasmo honen barruan sartzeko?

A.Z.: Hori da, Euskararen Egunaren harira, abenduaren 3an, Liburuen Truke Azoka antolatu izan dugu azken hamar urteotan. Egitasmoaren helburu nagusia euskarazko irakurketa sustatzea da haurren, gazteen nahiz helduen artean, eta, aldi berean, libururuen berrerabilpena butzatzea. Hortik egun batzuetara, jostailu truke azoka antolatu izan du Herrio Natur Taldeak. Biak ala biak, herritarrei zuzendutako ekimenak izaki, eta trukea eta berrerabilera bultzatzen dituztela ikusita, zergatik ez indarrak batu eta elkarlana bultzatu herriko eragileen artean? Proposamena luzatu genien eta berehalako onespena izan zuen.

Hiru eragile ari zarete elkarlanean, garrantzitsua al da bi eskolen parte hartzea mota honetako ekimenek arrakasta izan dezaten?

Amaia Ugalde (Ikastola): Elkarlanak eta lankidetzak beti dira aberastasun iturri. Kasu honetan bi eskolak eta herriko eragile bat elkarlanean aritzeak herriarentzako onurak ekarriko ditu, eta taldean lan egiteak ekimenaren arrakasta erraztu egingo du.
A.Z.: Herritik herrira, hau da, herritar guztiei zuzendutako ekimenak baldin badira, eragileen arteko elkarlana da gakoa.
A.Ug.: Bi eskolak beti izan ditu laguntzaile jostailu trukerako, baina aurtengoan inplikazioa aktiboagoa izango dute. Denontzat berri ona da hori.

Ingurumenaren zaintzaz gero eta kontzientziatuagoak daude herritarrak, baina gizarteak ulertzen al du berrerabilpenak ere bide horretan laguntzen duela?

A.Ur.: Herritarrak, oro har, gero eta kontzientziatuago daudela esango genuke. Ekimenean parte hartzen dutenek garbi dute bide horretan berrerabilpenaren papera zein den.

Ikasgeletan lantzen al duzue gaia?

A.Ug.: Oro har, herrian sortzen diren mugimendu eta ekimenak beti lantzen ditugu ikasgeletan. Horiek aitzakia hartuta, zergatiak eta beharrak azaltzen dizkiegu ikasleei, gogoeta egin dezaten. Eta, noski, parte hartzera animatzen ditugu.

Azken urteetan ingurumenaren gaiarekiko jarrera aldaketarik nabarmendu al duzue ikasleen artean? Orain kontzientziatuagoak al daude?

A.Ur.: Ingurumenarekiko kontzientziaren eta errespetuaren premia eremu guztietatik jorratu behar da. Gizartearen ardura da, guztion erantzukizuna da. Jasangarritasuna, kontsumo arduratsua, ekonomia zirkularra… Egungo eta etorkizuneko erronkak ditugu eskuartean. Ekimen honek ingurumenari egiten diogun kalteaz kontzienteago izateko balio du, baina kontzientziaz haratago, norbanako bakoitzak aldaketarako eman beharreko pausoak emateko aukerak sortzen ditu. Gure eskuetan dago aldaketa; beraz, eman ditzagun horretarako pausoak.

Zergatik da garrantzitsua haur eta gazteak berrerabilpenaren garrantziaz kontzientziatzea? Zer onura dakartza?

A.Ug.: Hezkuntza da etorkizunean eraiki nahi dugun herriaren giltza nagusietako bat. Hezkuntzatik saiatzen gara ikasleengan eragiten, guztion artean Orio hobeago bat eraikitzeko, Orio jasangarriago bat izateko.
A.Ur.: Haur eta gazteak dira etorkizuna. Guztiok batera lan egin behar dugu ahalik eta planeta txukunena utz diezaiegun belaunaldi berriei. Gainera, umeen bitartez, helduak ere kontzienteago egiten dira.

Beraz, ume zein heldurentzat da ekintza hau. Zer moduzko harrera izan ohi dute jostailuen eta liburuen truke azokek?

A.Ug.: Urte askotan antolatu den ekimena izaki, ikasleek, familiek edota herritarrek harrera ona egin diote azokari. Liburuaren berritasuna ere begi onez ikusi dute.
A.Ur.: Herriotik urte asko daramatzagu ekimen hau antolatzen, eta hasieratik izan du arrakasta. Aurten aldaketa txiki batzuk proposatu ditugu jostailuen trukerako eta banaketa justuagoa izango dela iruditzen zaigu. Azoka osatuagoa izango denez, ea jende mordoska bat etortzen den. Lerro hauek balio dezatela jendea anima dadin.