'E, petrel!' kaleratu du Ibon Gaztañazpik, Julio Villarren liburua euskarara itzulita

Aitziber Arzallus 2022ko abe. 1a, 13:32
Ibon Gaztañazpi eta Julio Villar, Pasaiako Albaola faktoriako aurkezpenean. (Beñat Parra/Irutxuloko Hitza­)

Villarren liburua 1974an argitaratu zuten lehenengoz, eta gerora, beste hamabost edizio atera dituzte. Gaztañazpik Hawaiiko hondartza batean zela erabaki zuen liburua euskarara itzultzea.

 Julio Villar abenturazale, alpinista eta idazle donostiarraren Eh, petrel! liburu ezaguna euskarara itzuli du Ibon Gaztañazpi kazetari oriotarrak, eta E, petrel! izenburupean kaleratu du lana. Pasaiako (Gipuzkoa) Albaolan aurkeztu zuten duela egun batzuk, hain zuzen ere, Albaola Itsas Kultur Faktoriarekin eta Zumardia elkartearekin elkarlanean argitaratu baitu liburua.

Villarren liburua 1974an argitaratu zuten lehenengoz, eta gerora, beste hamabost edizio atera dituzte, izan duen arrakastaren seinale. Villarrek berak 1968ko apiriletik 1972ko uztailera egindako bidaia bat du oinarrian liburuak, bidaia hartan idazten joan zen sentipenak, bizipenak eta bestelakoak. Villar Bartzelonako portutik abiatu zen, Mistral izeneko belaontzi txiki batean eta Ozeano Atlantikoa, Ozeano Barea eta Indikoa zeharkatu zituen, bidean geldialdiak eginez, besteak beste, Kariben, Galapagoetan, Zeelanda Berrian, Ginea Berrian, Australiako iparraldean, Timorko itsasoan, Indiako ozeanoan, Txagos uhartedian, Madagaskarren, Mozambiken, Hegoafrikan eta Brasilen. 38.000 itsas milia baino gehiagoko bidea egin zuen, eta Lekeition (Bizkaia) bukatu zuen abentura.

Aurkezpenean, Villar pozik agertu zen bere liburua euskaratu izanarekin: "Duela 50 urte zeinek esango zidan orain hemen egongo ginela, euskarazko bertsioa aurkezten. Oso eskertuta nago. Liburuak asko egin du hegan, eta hegan jarraituko du".

Gaztañazpirentzat ere berezia izan da Eh, petrel! euskaratzea: "17 urterekin irakurri nuen estreinakoz, eta erreferentziala izan zen niretzat. Ondoren, handik hainbat urtera, Hawaiira joan nintzen lan kontuengatik, eta, hango hondartza batean nengoela, liburua berriz irakurtzen hasi nintzen. Nire bigarren haurra jaio berri zen, hipoteka bat neukan sinatuta, eta Hawaiiko hondartza hartan liburua irakurtzen ari nintzela, ispilu baten modukoa izan zen niretzat, iradokitzen zidanagatik: alde batetik, irakurtzen jarraitu nahi nuen eta bidaia horrekin jarraitu nahi nuen, baina, bestetik, bizitza errealeko errutina ikusten nuen. Orduan, euskarara itzuli behar nuela erabaki nuen". Liburua "oso ederra" dela dio, baina edertasunaren gainetik nabarmendu du liburuaren atzean mundu bira bat dagoela, "benetako muturreko abentura bat".