Datorren urtean bederatzi milioi euroko aurrekontua izango du Orioko Udalak, inoizko handiena

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko abe. 1a, 16:05

Aho batez onartu dituzte 2023ko udal aurrekontuak Orion. Udal talde guztien ekarpenak kontuan hartu dituztela nabarmendu dute udalbatzarrean.

Atzo iluntzean ezohiko udalbatzarra egin zuten Orion, eta 2023ko udal aurrekontuak aho batez onartu zituzten. Hala, 2023rako 9.039.179 euroko aurrekontua izango du Orioko Udalak, 2022koa baino %7 handiagoa, inoiz udalak izan duen handiena. Izan ere, foru funtsetik datorren diru sarrera handitzeaz gain, udal kanpinak emaitza onak eman dituela azaldu zuen Anuska Esnal alkateak, eta horrek ahalbidetu duela, besteak beste, 2023ko udal aurrekontua handiagoa izatea.

Orain, aurrekontuen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, hamabost lagunez jendaurrean egongo da espedientea, eta inork alegaziorik aurkeztuko ez balu, lehen onarpena behin betiko onarpena bihurtuko litzateke. Alegazioak egongo balira, berriz, Ogasuneko Batzorde Informatzailean aztertuko lirateke horiek, eta berriz ere udalbatzarrean jorratuko beharko lukete gaia.

Elkarlana giltza

Anuska Esnal alkatea pozik agertu zen udalbatzarrean, laugarren urtez jarraian aurrekontuak "ahoz batez eta garaiz" onartu dituztelako. "Pozik gaude edukiengatik, baina, batez ere, formengatik. Gauzak egiteko moduaren garrantziaz ari naiz, eta goraipatu nahi nuke batzordez batzorde egiten den lana. Lan karga handia eskatzen du, baina etorkizuneko jomugak identifikatuta, oso erraza da guztiok asetzen gaituzten aurrekontuak egitea". Balioa eman zion lau alderdiak "zubiak eraikitzeko eta elkar aberasteko" izan duten gaitasunari ere. "Herritarrengan eduki dezakegun ispilu hoberena hori da; zenbat eta hobeto moldatu gure artean, herriko bizikidetzan eragin zuzena baitu".

Aurrekontuaren edukiari dagokionez, Esnalek adierazi zuen eraiki nahi den herri eredurantz urratsak emango dituztela 2023ko aurrekontuarekin.

Xehetasunak

Esnalen esanetan, %4ko igoera izango du pertsonal gastuen atalak. "Agintaldian zehar saiatu gara langileen arloa indartzen. Liburutegi ordutegia zabaldu genuen eta brigada indartu". Hala, 2023rako, udalaren asmoa da, diru laguntza batzuk tarteko, hiru langile berri kontratatzea.

Beste hainbat arlo ere aipatu zituen alkateak. Azaldu zuen genero berdintasunean urratsak eman nahi dituztela, eta 2023an indarkeri matxistaren protokoloa egingo dutela. Horrez gain, Iturriaga Jauregia Etxe Morea bihurtzeko apustua ere egingo du udalak.

Udako txu-txu trenean ere aldaketak izango direla iragarri zuen. "Gaur egungoak ez du herritarren segurtasuna bermatzen. Horregatik, alokairu sistema bidez, beste txu-txu tren bat ekarriko dugu uda parterako".

Hezkuntza partida indartzeko asmoa ere badu udalak. "Herritarren kohesioa oso garrantzitsua da, eta hezkuntza legearen atarian inoiz baino beharrezkoagoa iruditzen zaigu hezkuntza mahaia indartzea". Txalupa programa ere sortu dute, gizarte zerbitzuek, herriko ikastetxeek eta kirol eragileek elkarlanean, inor ez dadin geratu herriko baliabideez gozatu gabe.

Bestalde, Aita Lertxundi kalean autoen joan-etorria aztertzeko neurgailuak jarriko ditu udalak, auto kopurua eta kutsadura akustikoa neurtzeko. "Saihesbidearen eskaera egin izan dugunetan, horren eskuduntza duten erakundeek erantzun digute bertatik igarotzen den ibilgailu kopurua ez dela horrenbestekoa". Horregatik, proiektua baztertu edo ez erabakitzeko, neurketa egitea erabaki du udalak.

Inbertsioen atalean, partida asko irekita utzi dituzte. "Bederazi milioiko aurrekontutik 123.000 euro geratu zaizkigu inbertsioetarako. Horrekin ezer gutxi egin zitekeenez, sei euroko partidak ireki ditugu, ideiak egitasmo bihurtzen direnean, herriak duen altxortegitik gastatu ahal izateko", azaldu zuen.

Udal taldeen balorazioa

Alkatearen azalpenaren ondoren, EAJko bozeramaile Lourdes Salsamendik hartu zuen hitza, eta bere udal taldeak proposatutako hainbat egitasmo aipatu zituen: bizilagunek eskatutako Anibarko Portuko zabor gunea eta Kosta tailerra optimizatzeko azterketa, besteak beste. "San Nikolas kaleko irisgarritasuna  aztertzea aurrekontuetan sartu da, baina pendiente geratzen da Antxiola kaleko irisgarritasuna aztertzea", adierazi zuen. Horrez gain, egoera zaurgarrian bizi diren herritarrei laguntzera bideratutako partida ere aipatu zuen. "Badakigu zein den oriotar askok bizi duten egoera soziala, eta partida indartu egin da arlo horretan. Orioko EAJk beti lehenetsi ditu herria eta herritarrak, beste edozer gauzaren aurretik".

PSE-EEko bozeramaile Ana Priedek aurrekontuak aho batez onartzeak duen garrantzia nabarmendu zuen. "Ez da batere erraza, eta denon artean herritar guztientzat egindako aurrekontuak direla sentitzen dut. Horregatik, Anuska Esnal alkatea zoriondu nahi nuke, aurrekontuak ahoz batez onartzeko egin duen kudeaketa lanagatik, eta baita ere lau urte hauetan guztion ekarpenak kontuan hartzeko egin duen ahaleginagatik, beti aurkeztu baitizkigu aurrekontuak informazio guztia mahai gainean jarriz eta udalaren baliabideak zein diren azalduz".

Orain taldeko Jose Anjel Iparragirrek bat egin zuen Priederen hitzekin, eta berak gidatzen duen kirol arloan zertan dabiltzan azaldu zuen. "Kiroldegiaren energia gastua bederatzi hilabetetan iaz baino 100.000 euro handiagoa izan da. Horri aurre egin behar izan diogu, baina mantendu egin ditugu orain arte eragileei eman dizkiegun laguntzak. Eskerrik asko beste batzordeei egin dute ahaleginagatik".

Horrez gain, adierazi zuen hausnarketa abiatuko dutela herriko kirol ekipamenduen inguruan.

Inbertsioak

Oinarrizko zerbitzu publikoak

  • Herritarren segurtasuna eta mugikortasuna: 9.783 euro.
  • Zirkulazioaren eta aparkalekuen antolamendua (seinaliztapena eta margoketa lanak): 9.765 euro.
  • San Nikolas kaleko 19. eraikineko sarbideko irisgarritasun azterketa egitea: 6 euroko partida irekia.

Etxebizitza eta hirigintza

  • Plan Orokorra: 56.402 euro.
  • Ikastola-Arantzazuko Andra Mari auzunearen inguruko obra: 6 euroko partida irekia.

Bide publikoak eta altzariak

  • Bide publikoak: 33.858 euro.
  • Kultur etxe atzeko pasarelaren oinarria: 7.000 euro.
  • Anibarko Portuko bide publikoa: 6 euroko partida irekia.
  • Altzariak (bizikleteroak, bankuak....): 9.877 euro.­
  • Obra eta zerbitzuetako brigada
  • Makinaria eta bestelako erremintak eta elementuak: 
    1.994 euro.

Ingurumena

  • Kotxe elektrikoen kargatze sistema: 6 euroko partida irekia.
  • Ahateen parkerako makinaria: 6 euroko partida irekia.
  • Limitatzailea: 6 euro.
  • Eraikinen trantsizio energetikorako egokitzapena: 6 euroko partida irekia.
  • Hondartzan, kabinen ondoko aldaparen irisgarritasua hobetzea: 6 euroko partida irekia.

Lehentasunezko ondasun publikoen ekoizpena

  • Zaraguetako HHko gelari terrazara irteera egokitu eta terraza atondu: 6 euroko partida irekia.
  • Haurreskolako hezetasun arazoak konpontzeko inbertsioa: 6 euroko partida irekia.
  • Musika Eskolako ordenagailuak, musika tresnak eta marka berria: 6na euroko hiru partida ireki.
  • Kosta tailerreko eraikina optimizatzeko azterketa: 6 euroko partida irekia.
  • Kultur etxeko aretoan fokuak jartzeko trussa eta kabailetea: 1.700 euro.
  • Itsas ondarearekin lotutako dokumentala: 6 euroko partida irekia.
  • Arraunetxen egokitzapenak egitea: 6 euroko partida irekia.
  • Skate pista: 6 euroko partida irekia.
  • Anibarko Portuko parkea: 6 euroko partida irekia.
  • Kanpinerako makinaria, erramintak eta altzariak: 4.722 euro.
  • Kanpineko igerilekua: 6 euroko partida irekia.