Hezitzaileentzako eta herritarrentzako baliabideak eskainiko ditu Orioko Udalak erreparazio fasea abiatzeko

Erredakzioa 2023ko mai. 19a, 13:10
Asteazkenean Orion egin zen elkarretaratze jendetsua. (Jabi Gonzalez Toston)

Batetik, Orioko Udalak entzuteko gunea jarriko du 16 urtetik gorako herritar guztien eskura Salatxo aretoan, gaian espezializatutako psikologoen eskutik. Bestetik, hezitzaileei zuzendutako saioak ere antolatu dituzte eta haur eta gaztetxoekin gaiari nola heldu jakiteko irizpideak eskainiko dituzte bertan.

Astearteko hilketa matxistak kolpe handia eragin du herrian, eta bizitakoa kudeatu ahal izateko, herritarrentzat baliabideak eskaintzen hasi da Udala. Hala, "erreparazio fase honen baitan eta Sortzen aholkularitzaren eskutik, herriko hezitzaileei eta 16 urtetik gorako herritarrei zuzendutako arreta emango da datozen egunetan", adierazi dute.

16 urtetik gorako herritarrentzako arreta

Udalak entzuteko gunea jarriko du 16 urtetik gorako herritar guztien eskura, gaian espezializatutako psikologoen eskutik. Datorren astelehenean hasiko da, eta zehaztu dute ez duela epe-mugarik izango, egoerak eskatzen duen arte egongo dela martxan.

Arreta jasotzeko bi aukera izango dira:

  • Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, psikologo espezializatuak egongo dira Salatxo aretoan jendea artatzen. Ez da zitarik eskatu behar.
  • Ordutegi horretatik kanpo, berriz, zita hartu beharko da, 623 178 553 telefono zenbakira deituta, eta kasu horretan, kultur etxean emango dute arreta psikologoek.

Hezitzaileentzako saioak

Bestalde, herriko hezkuntza formalean zein ez formalean (herriko ikastetxeetan, musika eta dantza eskolan, euskaltegian, aisialdi-taldeetan…) jarduten diren hezitzaileei zuzendutako saioak ere izango dira. Haur eta gaztetxoekin gaiari nola heldu jakiteko irizpideak eskainiko dituzte bertan, herri guztia norabide berean aritzeko.

Saioak Arraunetxen izango dira, ordutegi hauetan:

  • Gaur, ostirala. 17:00 – 20:00 (euskaraz)
  • Maiatzak 20, larunbata. 10:00 – 13:00 (euskaraz eta gaztelaniaz)
  • Maiatzak 22, astelehena. 17:00-20:00 (euskaraz)

Saio hauez gain, hezkuntza-eragileekin lanketa propioak egingo dira kasu zehatzetan nola jokatu jakiteko. Egoerak eskatzen duen heinean, baliabide gehiago ere eskainiko ditu Udalak.