Irriak itzuli dituzte haurrek

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mai. 20a, 15:00

Zaragueta Herri Eskolaren XII. Kros Txikia jokatu dute HH-2tik LH-6ra bitarteko ikasleek eta kaleak alaitu ditzute atzera berriro.

Zailak izan dira azken egunak Orion, asteartean gertatutako hilketa matxistak eguneroko bizitza belztu baitu, baina hasi da pixkanaka argitzen. Haurrei egotzi behar zaie hori; izan ere, ederki pasatu dute Zaragueta Herri Eskolak antolatutako XII. Kros Txikian. Dena den, lasterketak abiatu aurretik Lourdes del Hoyo gogoratu nahi izan dute minutu bateko isilunearekin.

12 urte arteko haurrek hartu dute parte eta adinaren arabera banatutako mailetan eta bakoitzarentzat egokitutako ibilbidean egin dute korrika. Esan behar da, halaber, lasterketa aurreko beroketan bertan hasi direla gozatzen txikiak; izan ere, jolas dibertigarriak prestatu dituzte. Behin gorputzak berotutakoan, 100 metroko lasterketa egin dute HH2 eta 3ko ikasleek, 150ekoa HH4 eta 5ekoek, 300ekoa LH1 eta 2koek, 600ekoa LH3 eta 4koek eta kilometrokoa LH5 eta 6koek. Guztiek ere domina bana eraman dute etxera, 400 inguru orotara.