Norma Vazquez: "Ezin dugu erantzun sinpleekin konformatu gertatutakoa ulertzeko"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko eka. 1a, 15:00
Norma Vazquez Orioko Kultur Etxean egokitu duten entzute gelan. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Norma Vazquez (Mexiko, 1960) Sortzen aholkularitzako psikologoetako bat da, eta azken egunetan Orioko Entzute Gunera bertaratu diren herritarrak entzuten eta horiei egoera ulertarazten laguntzen ari da.

Psikologoa zara, eta eskarmentu handia duzu indarkeria matxistaren biktimen bidelaguntzan.
Bai, Mexikon abiatu nuen nire ibilbide profesionala arlo horretan. Euskal Herrira iritsi aurretik, ordea, El Salvadorren bizi izan nintzen, 1992 eta 1998 urteen artean. 1992. urtean sinatu zuten bake ituna El Salvadorren, eta gerra ondorengo testuinguruan bidelaguntza ematen lan egin nuen herrialde horretan. 1998an, Bilbora iritsi nintzenean, berriz, dolu prozesuetan eta indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeei laguntzen hasi nintzen.

Nola definituko zenuke Oriok bizi duen egoera?

Emakume bat erail dute kalean, eta horrek inpaktu handia izan du haren familian, inguruan eta herritarren artean, herrian zauri bat irekiz. Entzute Gunera etorri diren hainbat pertsonak komentatu dute, gainera, tiroa entzun zutenean atentatu bat zela pentsatu zutela. Horrekin ikusi daiteke herri honetan badagoela gertatu diren beste indarkeria batzuen oroitzapena.

Jende asko bertaratu al da Entzute Gunera?

Bai, mota askotako jendea etorri da gurekin hitz egitera: lekukoak; emakumearen eta gizonaren ezagunak edo lagunak, eta herrian gertatutakoak haurrengan izango duen eraginarekin kezkatuta dauden gurasoak. Izan ere, haur askori ezinegona sortzen die beraiekin gaiaz garbi ez hitz egiteak, eta ume batzuek amari galdetu diote ea aitak berari gauza bera egingo dion. Hezitzaileekin eta irakasleekin ere egin dira saioak, gaia nola bideratu jakiteko.

Adinekoen zaintzaileak ere etorri dira. Azken horietako gehienak Erdialdeko Amerikakoak dira, beren herrialdeko indarkeria girotik ihesi Euskal Herrira etorritakoak, eta hasiera batean beraientzat segurua zen ingurune honetan berriz segurtasun eza sentitu dutenak.

Gertatutakoaren aurrean, ohikoa al da oriotarrek izan duten erantzuna?

Bai, gertatutakoa oso gogorra izan da, eta inpaktu handia izan du hilketa egun argiz gertatu zelako, kalean, haur parke baten ondoan eta herritar guztien bistan. Egoeraren larritasuna ikusita, udala konturatu zen ezinbestekoa zela herriaren eskura laguntza psikologikoa jartzea. Izan ere, oso garrantzitsua da gaiaz hitz egitea eta entzuna zarela sentitzea, aurreiritzirik gabe eta epaitua izan gabe.

Badago jendea, gaiaz pentsatu arren, Entzute Gunera bertaratu ez dena. Pertsona horiek egin al dezakete lanketaren bat beren kabuz ?

Bai, bertaratu direnei ere hainbat gomendio eman dizkiet zentzu horretan. Alde batetik, uste dut beharrezkoa dela normaltasuna zalantzan jartzea. Asko izan dira horrelako gauzak ez direla hemen gertatzen edo hiltzaileaz ez zutela horrelakorik espero esan dutenak. Indarkeria azaltzeko modu asko daude, ordea: batzuek mehatxu bidez, joz eta zalaparta sortuz adierazten dute, eta beste batzuek, berriz, beren izateko moduagatik, mehatxuak isilean gordetzen dituzte. Gertatutakoa ulertzeko argi izan behar dugu indarkeria ez dela adierazten dena bakarrik, isilpekoa ere badela. Horregatik, ezin dugu erantzun sinpleekin konformatu gertatutakoa ulertzeko; izan ere, fenomeno konplexua da indarkeria matxista. 

Bestetik, oso garrantzitsua da gaiaz hitz egitea. Zenbaitek gertatutakoaz pentsatzea saihesteko joera dute, baina hori aurrerago beste modu batera azaleratu daiteke, haserrearen, gaixotasunen edo minaren bidez. Horregatik, herritarrei esango nieke garrantzitsua dela gaiaz hitz egitea eta ondorioak ateratzen nahiz azalpenak bilatzen saiatzea, gertatutakoa ulertzeko. Ariketa horrek gure burua eta gorputza aireberritu eta sendatu egiten ditu, bestela ezinegona enkistatua geratzen delako. 

Umeekin gaia nola jorratu behar den ere galdetu digute. Gu errealitatea kontatzearen aldekoak gara, beti ere adinaren arabera egokituta. Gertatutakoa gogorra da, baina egia da; haurrak sortzen duen fantasia, berriz, are mingarriagoa izan daiteke.

Batzuek diote gertaera lekuaren ingurutik pasatzea saihesten dutela. Normala al da hori?

Bai, prozesuaren parte da. Batzuek denbora beharko dute handik pasatzeko, eta beste batzuek, aldiz, hilketa gertatu zen eremutik pasatzeko beharra sentituko dute. Pertsona bakoitzak desberdin erantzuten du egoeren aurrean. Ziztu bizian bizi den gizartean, tragedien eta heriotzaren erritualizazioa galtzen joan da, baina prozesu normalak dira; zerbaitegatik daude aspalditik hilerriak eta dolu garaiak.