Agintaldi berrian batzorde informatzaileak zortzitik hirura murriztuko ditu Orioko Udalak

Onintza Lete Arrieta 2023ko uzt. 6a, 12:24

Atzo iluntzeko bozketetako batean, EH Bilduko zinegotziak aldeko botoa ematen. (Onintza Lete Arrieta)

Atzo iluntzean egin zuten udal antolaketa ezartzeko ezohiko udalbatzarra, eta batzorde informatzaileak murriztea izango da agintaldi berriko aldaketa nabarmenena. Soldatak, ordainsariak eta batzordeetako kideak ere zehaztuta gelditu ziren. 

Maiatzaren 28an izan ziren udal eta foru hauteskundeak, eta legeak agintzen du hilabete eta erdiko epean udal guztiek zehaztuta utzi behar dituztela hainbat afera: besteak beste, udalbatzarrek zer maiztasun izango duten, zein izango diren alkateordeak, zer soldata jasoko dituzten liberatuek, ordainsariak zenbatekoak izango diren, eta batzorde informatiboak zeintzuk izango diren eta zer zinegotzik osatuko dituzten horiek.

Orion atzo egin zuten gai horiek onartzeko ezohiko udalbatzarra hamahiru zinegotziek. EH Bilduk du gehiengo osoa, hamar zinegotzirekin –EAJk hiru zinegotzi ditu–, eta beraz, gehiengo osoz onartu ziren bozkatutako puntu guztiak. EAJk ere aldeko boza eman zuen puntu gehienetan; beste batzuetan, berriz, abstenitzea erabaki zuen.

Desadostasuna batzorde informatzaileengatik

Bi alderdien arteko desadostasunetako bat agintaldi berriko aldaketa nagusienak eragin zuen: batzorde informatzaileak murrizteak. Orain arte zortzi zituen udalak, eta hemendik aurrera hiru bakarrik izango ditu. Batzorde horietan udaleko alderdi guztiak egoten dira ordezkatuak, eta batzordeburu bat izaten dute. Hemendik aurrera, hiruretako batzordeburua Anuska Esnal alkatea bera izango da.

EAJren izenean, Noemi Ostolaza bozeramaileak hartu zuen hitza, desadostasunaren berri emateko. Esan zuen batzorde guztiak hirura mugatuta "makrobatzordeak" sortuko direla, eta beldur direla bilera horiek ez ote diren "tramite hutsera mugatuko".

Anuska Esnal alkateak eman zion erantzuna. Horren arabera, "azken lau urteetako esperientziak erakutsi" die "gai asko zeharkakoak" direla, eta hobe dela batzordeak "sinplifikatzea". Zinegotziei kontziliazioa erraztuko diela esan zuen, eta bestalde, azpimarratu zuen asmoa dela indarrak "parte hartze prozesuetan eta gaiako mahaietan" jartzea; alegia, herritarrei ematea ahotsa, eta lanketa horiek eramatea batzordeetara.

Liberazioekin ere desados

Beste desadostasuna liberazioek eragin zuten. Herriaren tamainagatik –6.000 biztanle pasatxo– hiru liberazio dagozkio udalari, eta alkateak proposatu zuen %100 liberatuta egotea alkatea bera eta Olatz Santamaria alderdikidea, eta liberazioaren %55 edukitzea Lourdes Salsamendi jeltzaleak.

EAJk liberazio hori %75ekoa izatea eskatua zuen, baina Anuska Esnal alkateak esan zuen "datu objektiboetan oinarrituta" hartu duela liberazioa %55ean uzteko erabakia –udalbatzarraren bideoan dago azalpen osoa ikusgai–. Horren harira, Lourdes Salsamendik esan zuen liberazioa %55ekoa izan arren, "orain arte bezala, lana %100ean" egingo duela bere alderdiak udalean.

Ostolazak "pena" erakutsi zuen, bi aldeek egindako bilerak "tonu onean" egin diren arren eta hori "eskertzekoa" izanagatik, ez delako akordiorik egon azkenean.

Onartutakoak

Besteak beste, honako puntuak onartu zituen atzo Orioko Udalbatzak:

  • Liberazioak eta ordainsariak (Udalhitzek zehaztutako mailekin bat eginez):

    • Anuska Esnal alkatea (Udalhitz 24. maila): %100eko liberazioa, 60.680 euro gordin urtean.
    • Olatz Santamaria alkateordea (Udalhitz 20. maila): %100eko liberazioa, 52.524 euro gordin urtean.
    • Lourdes Salsamendi, EAJ (Udalhitz 20. maila, %10eko kenkariarekin): %55eko liberazioa, 25.999 euro gordin urtean.

  • Batzorde informatzaileak:

    • Tokiko garapena: hirigintza, obrak eta zerbitzuak, merkataritza, turismoa, enplegua eta segurtasuna.
    • Herritarrentzako zerbitzuak: euskara, hezkuntza, kultura, kirola, berdintasuna eta gizarte zerbitzuak.
    • Barne antolaketa: pertsonala, ogasuna, ondarea, administrazio orokorra eta modernizazioa.

  • Batzorde informatzaileetako ordezkariak:

    • Tokiko garapena: EH Bilduko Olatz Santamaria, Lohitzune Solaberrieta eta Iñaki Makazaga; eta EAJko Lourdes Salsamendi.
    • Herritarrentzako zerbitzuak: EH Bilduko Ainara Munduate, Xabi Ibarguren, Bittor Andres eta Josu Lizarralde; eta EAJko Noemi Ostolaza, Lourdes Salsamendi eta Jon Basurko.
    • Barne antolaketa: EH Bilduko Inaxio Alguacil eta Nagore Rementeria; eta EAJko Noemi Ostolaza.

  • Bestelako organoetako ordezkariak:

    • Urola Kostako Udal Elkartea: EH Bilduko Anuska Esnal eta Olatz Santamaria; eta EAJko Lourdes Salsamendi.
    • Uema: EH Bilduko Ainara Munduate, Josu Lizarralde eta Xabi Ibarguren; eta EAJko Lourdes Salsamendi.
    • Ur Kontsortzioa, Euskal Fondoa eta Urkome: Anuska Esnal alkatea.

  • Alkateordeak: Olatz Santamaria izango da lehenengo alkateordea, eta Xabi Ibarguren, bigarren alkateordea.

  • Ordainsariak:

    • Zinegotzi ez liberatuek: hilean 250 euro jasoko dituzte beren dedikazioagatik.
    • Alderdien asignazioak: asignazio finkoa 350 euro + 25 euro zinegotziko. Hilean, EH Bilduk 600 euro jasoko ditu, eta EAJk, berriz, 425 euro.
Erlazionatuak