2024rako zergak oro har %3 igotzea onartu du Orioko Udalbatzak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko ira. 29a, 14:17
Atzo arratsaldean Orioko udalbatzarrean egin zuten iraileko ohiko batzarra.

EAJk aurkako bozka eman zion udal gobernuak egindako proposamenari, herritarrei zuzenean eragiten dieten zergak %1,5 igotzea egokiagoa dela uste dutela argudiatuta. EH Bilduk, ordea, beharrezkoa ikusi du zergetan eguneraketa bat egitea, udalak eskaintzen dituen zerbitzuak mantendu ahal izateko.

Atzo iluntzean iraileko ohiko udalbatzarra egin zuten Orion, eta 2024rako zergak eta tasak onartu zituen udalbatzak. Udal Gobernuak udal teknikariekin elkarlanean prestatutako proposamenak EH Bilduren aldeko hamar boto eta EAJren kontrako hiru jaso zituen; beraz, behin behineko onarpena eman zitzaion 2024ko ordenantza fiskalei.

Proposamenak zergak orokorrean %3 igotzea jasotzen du, eta EAJk azaldu zuen ez zegoela ados igoera horrekin. "Gu batzordean abstenitu egin ginen, baina gaur aurkako bozka eman dugu. Izan ere, batzordean hainbat ekarpen egin genituen eta horietako batzuk 2025eko ordenantza fiskaletarako aztertzeko mahai gainean geratu badira ere, gure proposamena zen herritarrei zuzenean eragiten dieten zergak %3 igo beharrean, %1,5 igotzea. Gure ekarpena ez da kontutan hartu eta horregatik bozkatu dugu kontra", aipatu zuen EAJ udal taldeko bozeramaile Noemi Ostolazak. Horrez gain, gaia lantzeko "denbora tarte txikia" izan zutela ere adierazi zuen: "Hilaren 18an bidali zitzaigun proposamena, 22an egin genuen batzordea eta gaur, hilaren 28an, pasa da udalbatzarretik. Uste dugu ez dela dinamika erosoena gure ekarpenak egin eta horiek proposamenean kontutan hartu ahal izateko. Horregatik, hurrengorako beste dinamika batzuk jarraitzea proposatzen dugu, ekarpenak garaiz lantzeko".

Barne Antolaketa batzordeko kide EH Bilduko Inaxio Alguacilek hartu zuen hitza, eta EAJk azaldutakoaren aurrean bere harridura azaldu zuen. "Guk gure proposamena hilaren 18an bidali bagenuen ere, aurretik irekita egon da ekarpenak egiteko aukera. Zuek astebetean landu zenuten gaia, eta pasa den ostiraleko batzordera ekarri zenuen zuen proposamena; orduan bai ez genuela izan tarterik ekarpen horiek behar den bezala hausnartzeko eta erabakiak hartzeko".

Ordenantza fiskal osatzeko jarraitutako prozesua argitu ondoren, proposamenaren nondik norakoak eta arrazoiak azaldu zituen Alguacilek. "Garrantzitsua da nabarmentzea proposamen honen oinarria udaleko sail desberdinetatik jasotako ekarpen zehatzetatik datorrela. Batzorde informatiboan doikuntza batzuk egin bagenituen ere, proposamenak oinarri teknikoa du". Ildo horretan, aipatu zuen udal gobernuak "herritarrek bizi duten egoeraren inguruko hausnarketa" egin duela zergak eta tasak zenbat igo erabakitzerakoan, KPIak azken urtetan izan duen bilakaerari erreparatuz. "Azken bi urtetan igoera %13koa izan da, eta aurten ere joera hori mantendu egiten da; aldiz, aztertzen badugu zein izan den udaleko zergek eta tasek eduki duten bilakaera, ohartu gaitezke azken hiru urtetan %1,5eko igoera egon dela, hain zuzen ere 2023 ekitaldirako aplikatu zena, aurreko bi urteetan izurritea zela eta izoztu egin zirelako. Desoreka nabarmena da, udalak ordaindu behar dituen zerbitzuak garestitu egin direlako. Horregatik, beharrezkoa iruditu zaigu eguneraketa bat egitea. Izan ere, ez dugu ahaztu behar zergak eta tasak direla udalaren diru-sarrera nagusienetakoa, eta garrantzitsua da hori indartzea, zerga eta tasa horiei esker eskaini daitezkeelako udaleko zerbitzuak, eta behar gehien dituztenentzat laguntzak".

Ordenantza fiskalak onartzeko jarraitu den prozeduraren inguruan argibideak eman nahi izan zituen Anuska Esnal alkateak eta adierazi zuen agintaldiaren hasieran bi alderdiek adostu zuten lan dinamika jarraitu dutela epeei dagokionez. Gaiak zeresana eman zuen udalbatzarrean eta denbora luzez aritu ziren gaiaz eztabaidatzen. Bideoa ikusgai dago lotura honetan.

2024ko Ordenantza Fiskalen laburpena

Igoera orokorra %3koa izan da

Salbuespenak honakoak dira:

Mantendu dira igoerarik gabe:

- Hiri-Lurraren balio gehikuntzaren gaineko zerga (plusbaliak).

- Jarduera Ekonomikoaren gaineko zerga (JEZ).

- Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga.

- Udal zerbitzuen tasak.

- Kanposantuko tarifak.

- Lurzoru eta antolamendu urbanoari buruzko lizentzia urbanistikoen tarifak.

- Jarduera lizentziak ematea eta jarduera eta instalakuntza funtzionamendua egiaztatu eta ikuskatzearen tarifak.

- Kirol instalakuntzen erabileraren eta zerbitzuen tarifak.

- Kabinetako tarifak, aulki, paipo eta eguzkitako aterkien kasuan.

- Kanpineko dutxa eta garbitegiaren tarifak.

- Salgai dauden liburuak eta turismo bulegoko gaiak.

- Etxe tutelatuen tarifak.

- Etxez etxeko zerbitzuaren tarifak.

- Soinu neurketa tarifa.

- Ikuskizun eta emanaldietako tarifak.

- Txu-txu tarifak.

- Ludoteka tarifak.

 %5eko igoera izango dute:

- TAO egonaldi luzeen kasuan.

- Animali arriskutsuak (5 urtean behin aplikagarri).

- Kanpinetako partzelak.

- Garajeen kontzesioa eta alokairua  (Karela kiroldegiaren eta Mendibeltz zelaiaren azpikoak).