Orioko Udalak oharra kaleratu du "kartelak kentzen dituztenei zuzenduta"

Onintza Lete Arrieta 2024ko mar. 21a, 09:00

Xixario jatetxearen aurrean dagoen panel urdina. (Orioko Udala)

Gai zehatzei lotutako kartelak "puskatu edo kendu" ditu norbaitek "zegokien epea baino lehen", eta ez da aurreneko aldia. Jokaera horien aurrean, udalak bere konpromisoa erakutsi du "herrian lanketa egiten jarraitzeko".

Orioko Udalak ohar bidez jakinarazi du azken asteetan, herritarrek panel urdinetan eta plazan jarritako hainbat kartel "puskatu edo kendu" egin dituela norbaitek "zegokien epea baino lehen", eta adibide zehatza eman du: herriko mugimendu feministak eta Zaragueta Herri Eskolako ikasleek Martxoaren 8aren harira jarritakoekin gertatu da.

Gaineratu du ez dela halako zerbait gertatzen den lehen aldia, Orioko LGTBIQ+ Taldeak ere antzeko salaketa egin izan baitu hainbat aldiz.

Udalaren ustetan, "herriko talde eta eragile horien kartelak erretiratzeak sakoneko arazo bat azaleratzen du, irudi jakin batzuk paneletatik kentzea baino askoz ere larriagoa dena". Horren aurrean, udalak azaldu du gaia lantzeko konpromisoa hartzen duela: "Herrian lanketa egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen du udalak, Orio herri inklusibo, berdinzale eta askea izan dadin. Bitartean, herrian jartzen diren kartelekin errespetuz jokatzeko deia egin nahi die herritarrei. Oriotar guztion mezu, aldarri, ekintzek… dute lekua herrian, eta guztion ardura da elkar errespetatzea, bizikidetzaren mesedetan".