Orio eta Getaria txukun ibili dira gaur Castroko estropadan

Onintza Lete Arrieta 2023ko uzt. 23a, 13:48

Getariarrak atzoko estropadan. (Aitor Arrizabalaga)

Oriok txanda irabazi du, eta Getariak azkenera arte borrokatu du Caborekin.

Eguerdian jokatu dute Eusko Label ligako estropada Castron (Kantabria, Espainia). Bigarren txandan aritu dira arraunean Orio Orialki eta Getaria, eta lehen luzean Orio jarri da estropada buru, eta estropada osoan eutsi dio postuari Oriok, eta nagusitasunez irabazi du txanda, Cabori eta Getariari hamasei segundo aterata. Ehuneneko batzuengatik izan da bigarren Cabo, Getariaren aurretik.

Hala, sailkapen nagusian bosgarren kokatu da Orio Getariaren aurretik, 47 punturekin. 44 ditu Getariak.

Txandaren amaieran, gaurkoan egindako lanarekin pozik agertu da Ander Etxegoien oriotarren patroia: "Denboraldiko estropada osoena egin dugu, gu zer garen erakutsi dugu gaur". Oraingoz sailkapenari "begiratu ere ez" diotela egiten azaldu du: "Gure maila erakustea da helburua eta gozatzea estropadez", esan du.

Atzo bezala, gaur ere Urdaibaik erraz irabazi du estropada, Hondarribiari zortzi segundoko aldea aterata.