Nikolas Segurolaren hiru alderdi nagusiak bildu dituzte liburu batean

Berria/erredakzioa 2016ko aza. 23a, 21:31

Xabier Euzkitze bertsolari eta aurkezlea arduratu da 'Nikolas Segurola. Fraide, artzain eta bertsolari' liburua koordinatzeaz; hark idatzi du berstolaritzari buruzko atala; Iñaki Beristainek fraide jarduerari buruzkoa; eta Eduardo Urartek artzainari dagokiona.

Nikolas Segurolaren pertsonak "hiru alderdi bizi izan ditu", Xabier Euzkitze bertsolari eta telebista aurkezleak gaur goizean Donostian egindako aurkezpenean nabarmendu duenez. Fraide frantziskotarra da Segurola; artzaina ere bada, eta baita bertsozale eta bertsolaria ere. "Jarduera horietan harreman asko egin ditu bere bizitzan. Ez fraideen artean bakarrik, baita artzainen eta bertsolarien artean ere. Denek maite dugu, eta horrek ulerrarazten du gaur aurkezten dugun Nikolas Segurola, fraide, artzain eta bertsolari liburu hau". Edizio Frantziskotarrak argitaletxeak plazaratu du; 216 orrialde ditu, eta 20 euroan izango da salgai. Nikolas Segurola Matxinbentan (Azpeitia, Gipuzkoa) jaio zen, 1939ko martxoaren 27an. Umetan Arantzazura (Oñati, Gipuzkoa) ikastera joan, eta, osasun ahularen erruz, etxera itzuli behar izan zuen. "Arantzazurako joera oso barruan itsatsia" zeukan, ordea, Iñaki Beristain adiskide frantsikotarrak adierazi zuenez, "eta anaia laiko izateko itzuli zen berriro mutil gazte zelarik". Harrezkero, bere bizitza osoa frantziskotar bezala egin du, eta gehiena Arantzazun. Zarautzen nobiziotza eginda berehala Arantzazura joan eta Gomiztegi, fraideek erositako baserria, izan zuen bere lehenengo bizitoki eta lantoki. "Gaur egun ere hortxe jarraitzen du bizitzen. Hasieran, bospasei fraide ziren han bizi izaten zirenak. Egun, bakarrik bizi da Gomiztegin, otoitzerako eta jatorduetarako Arantzazura joaten bada ere". Beristainen iritzian "herrikoa eta herrikoia" da Sagurola, "oso fina eta sentibera, gizatasun handikoa, naturaren maitalea eta sufritzen dutenekin dagoena". Jarraitu erreportajea irakurtzen, Berria.eus-en.