Itziar Murua izango beste behin Zarauzko EH Bilduren alkategaia

Aritz Mutiozabal 2022ko urr. 8a, 10:53

Gaurko Herri Batzarrean bere prestutasuna aurkeztu du egungo udal taldeko bozeramaileak datozen hauteskundeetarako.

Zarauzko EH Bilduk 2023ko udal eta foru hauteskundeak izan ditu hizpide gaur arratsaldean eginiko Herri Batzarrean, eta Espainiako Diputatuen Kongresuko EH Bilduren ordezkari Mertxe Aizpurua izan dute gonbidatu. Batzarrean, datozen udal hauteskundeetan beste behin alkategai izateko prestutasuna aurkeztu du Itziar Muruak, Zarauzko EH Bilduko koordinatzaile Aitor Kortak egindako proposamenari erantzunez.

Bere Twitter kontutik eman du jakitera berria egungo EH Bilduren udal taldeko bozeramaileak. Bere esanetan, gainera, "orain arte udalgintzan egindako lanarekin jarraitzeko eta erronka berriei heltzeko" prest dagoela azpimarratu du.

"Etxekoekin eta EH Bilduren inguruan dabilen hainbat herritarrekin hitz egin eta beraien animoak jaso ondoren, gauzak beste modu batera egiteko beharrari heltzeko gogotsu sentitzen naiz", adierazi du. EH Bilduren barne prozedurari jarraituz, azaroan oinarriek erabakiko dute beraien konfidantza Mururengan jarri nahi duten. "Eta hala bada, ilusioz eta lanerako gogoz helduko diot etapa berri honi", gaineratu du.

Zarauzko EH Bilduk 2019ko otsailean aukeratu zuen koalizioaren alkategai izateko estreinakoz. Koalizioa bigarren indarra izan zen orduan herrian, EAJren atzetik. 4.546 herritarrek babestu zuten haustekunde haietan, 2015eko udal bozetan baino ia 1.000 gehiagok. Oposizioko indar nagusia da egun zortzi zinegotzirekin.