Erdi Arokoa bihurtuko da Zarauzko Alde Zaharra egun hauetan

Aritz Mutiozabal 2022ko abe. 5a, 11:13
Xacobeo MMXXI enpresako kideak eta Ixidor LarraƱaga Turismo zinegotzia. (Zarauzko Udala)

Azokak 90 postu eta hainbat ekitaldi izango ditu bihartik hasita. Ostegunean desfilea egingo dute azokako musika talde, antzezle eta saltzaile guztiekin.

Bihartik hasi eta igandea bitartean, Erdi Aroko Azokak hartuko du herria. Bi urteko geldialdiaren ondoren, Xacobeo MMXXI enpresak antolatu du egitasmoa Zarauzko Udalaren babesarekin, eta denetariko postuak jarriko dituzte herrigunean. Horrez gain, dantza eta antzerki emanaldiak, musika, ipuin kontalariak, artisautza tailerrak eta haurrentzako gunea ere izango dira.

"Gogo handiz" jaso dutela azokaren itzulera adierazi du Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziak, "giro aparta ekartzen baitu gure herriko kaleetara abenduko zubian zehar". Horrekin batera, jakitera eman du 90 postu jarriko dituztela, eta gehienak Alde Zaharreko oinezkoentzako kaleetan kokatuko direla, ibilgailuak dabiltzan kaleak saihesteko. Gauzak horrela, Zigordia kalean, Lege Zaharren enparantzan, Kale Nagusian eta San Frantzisko kalean eta Iturribide kaleetan egongo dira banatuta.

Guneei dagokienez, janari eta edariena Iturribide kaleko aparkalekuan kokatuko dute; tailerrak, aldiz, Musika Plazan eta Geltoki kaleen artean egongo dira banatuta; eta haurrentzako  gunea, azkenik, Frontoi Txikin atonduko dute

Abenduaren 8an, ostegunean, desfile nagusia egingo dute musika talde, antzezle eta saltzaile guztiek; goizez eta arratsaldez egingo dute, 10:30ean eta 17:00etan. Desfilea Geltoki kaletik irtengo da eta Alde Zaharreko kaleetan zehar ibiliko dira. Azokak egunero irekiko ditu ateak 11:00etatik aurrera, eta egun osoa egongo da zabalik, egitarau oparoarekin.

Kaleetan eragina

Udaltzaingoak jakitera eman die Iturribide eta Geltoki kaleetan eta Lagunak parkean garajeak dituzten erabiltzaileei, ahal den neurrian, auto ez erabiltzeko azokan jende gehien elkartzen den orduetan, ahal den heinean, kotxea erabiltzea ekiditea. Nolanahi ere, erabiltzaileren baten garajeetatik kotxea atera edo sartu beharko balu, uneoro antolakuntzako jendea ibiliko da hauei laguntza emateko.

Halaber, Merkatu Plazako baserritarrek eta dendariek beraien roduktuak deskargatzeko aukera izango dute ohiko ordutegietan. Goizez, Zigordia kalean egin ahal izango dute, eta eguerdian, Lege Zaharren enparantzan libre egongo den gunean.