Mende batzuk atzera egin ditu Zarauzko herriguneak

Maria Maya Manterola 2022ko abe. 6a, 15:27

Erdi Aroan murgilduta dago Alde Zaharra. Artisauen postuek, jakienek nahiz jolas guneek hartu dituzte kaleak, eta eguraldia lagun, jende andana gerturatu da eguerdi partean herrigunera.

Bi urteko geldialdiaren ondoren, Zarauzko kaleetara itzuli da berriz ere Erdi Aroko azoka. Herriguneko oinezkoentzako kaleak apaingarriz jantzi, eta aztiz, juglarez, bufoiz nahiz goliardoz bete dira.

Askotariko postuak zabaldu dituzte saltzaileek, 90 inguru. Eguraldia lagun, jende ugari gerturatu da Alde Zaharreko kaleetara, eta eskuz egindako bitxiak, denetariko jakiak nahiz kosmetikoak erosi ahal izan dituzte baita musika emanaldiez, tailerrez eta ipuin kontaketez gozatu ere. 

Desfile nagusia, ostegunean

Etzi, osteguna, desfile nagusia egingo dute musika talde, antzezle eta saltzaile guztiek; goizez eta arratsaldez egingo dute, 10:30ean eta 17:00etan. Desfilea Geltoki kaletik irtengo da eta Alde Zaharreko kaleetan zehar ibiliko dira. Azokak egunero irekiko ditu ateak 11:00etatik aurrera, eta egun osoa egongo da zabalik, egitarau oparoarekin.