Arimadun ikusgarria, senidetzeko aitzakia

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urt. 20a, 10:00
Bunuztar Xoriak dantza taldeko nerabeen 'Laminosine' ikuskizunaren une bat. (Utzitakoa)

Dantza, zuzeneko musika eta ipuin kontaketa batzen dituen Laminosine proposamena ekarriko du Zarautzera Nafarroa Behereko Bunuztar Xoriak dantza taldeak. Jalgi izan dute bidelagun eta konplize emanaldia antolatzeko orduan. 

Egun berezia izango da urtarrilaren 28a, larunbata, Zarautzen. Oztibarreko (Nafarroa Beherea) Bunuztar Xoriak dantza taldeko nerabeak hartuko ditu herriak Laminosine dantza ikuskizuna eskaini dezaten. Euskal dantza tradizionala eta garaikidea uztartzen dituen "arimadun" ikuskizuna da, emanaldia antolatzen dabilen Jalgi dantza taldeko Unai Lazkanoren hitzetan.

Oztibarre bailara osatzen duten herri guztietako 6 urtetik gorako haurrei euskal dantzak erakustea da Bunuztar Xoriak taldearen egiteko nagusia. Adinean aurrera egin ahala, nerabezarora iristean, dantza alde batera uzten dute gaztetxoek, eta horri aurre egiteko asmoz sortu dute Laminosine ikuskizuna. Gazteak erakartzeko pizgarri gisa, alegia. Helburua «ehuneko ehunean» bete dute Jenofa Bacho dantza taldeko lehendakariaren arabera. Ez da harritzekoa, sortu duten emanaldia ez baita nolanahikoa. 

Sortze prozesu horri erreparatuta, dantza garaikidean aditua den Fanny Marmayou koreografo profesionalaren laguntza izan dute. Edonola ere, guztia gazteekin adostu duela argitu du Bachok: "Ez die ezer inposatu, elkarrekin landu dute". Lanketa hori nola egin duten ere azaldu du Banuztar Xorien lehendakariak: "Marmayouk gazteei eskatu zien pentsatzeko zein ziren beren baitan zituzten kezkak eta mugimenduen bidez adierazteko. Ondoren, jasotako proposamenak lotu zituen, eta hori izan zen abiapuntua. Dantza garaikidearen ikuspegia ekarri digu koreografoak, eta urte osoan euskal dantzak erakusten dituzten taldeko bi irakaslerekin ere aritu da elkarlanean, hark ez baitzuen oinarri nahikorik arlo horretan".

Musika eta antzerkia

Dena den, dantza baino askoz gehiago du Laminosine lanak. Oholtza gaineko hamahiru dantzariak –hamabi neska eta mutil bat– mugiarazten dituzten doinuak zuzenean jotzen dituzte beste bost musikarik, eta dantza ikuskizunerako espresuki sortutako piezak dira, gainera. Zentzu horretan, koreografoa bera izan zen, proiektuak zuen indarra ikusita, musika ere sortu beharra zegoela adierazi zuena. Bada, beste profesional bat arduratu da lan horretaz: Xabi Leon.

Hori gutxi balitz, antzerkitik ere badu ikuskizunak; dantzak osatzeko euskal mitologiarekin lotutako ipuinak ere kontatuko dituzte protagonistek. Halere, kontalari lanetan ipuinok idatzi dituen Jokin Irungarai aritzen da batik bat.



Xarles Bideigainek idatzitako eta ikuskizunaren izen bera daraman Laminosine liburutik hautatu eta moldatu ditu ipuinak Irungaraik. Oztibarreko hainbat bizilagunen lekukotasunetatik abiatuta idatzi zuen liburua Bideigainek, eta 80 ipuin biltzen ditu. Laminosine lakuari buruzkoa da horietako bat.

Kondairak dio lamien topaleku dela lakua eta itsasoarekin lotuta dagoen amaierarik ez duen zuloa dela, gainera. Izan ere, inguruko errekak lehortzen direnean ere ura izaten omen du Laminosinek. Horrez gain, itsasoan mareak gora egiten duenean lakuko urak ere gora egiten duela diote. Era berean, basajaunek eta beste hainbat pertsonaia mitologikok ere badute lekua ikuskizunean.

Zubiak eraikitzeko eguna

Ikuskizun nagusia Lizardi kirol aretoan izango da hilaren 28an, 19:00etan, eta sarrerak zazpi euroan daude aurrez eskuragarri;  egunean bertan, berriz, hamar euroan jarriko dituzte salgai. Jalgi dantza taldeko gazteak ere izango dira aurretik agertokian, baita euskal dantzak eskainiko dituen Bunuztar Xorien dantzari talde gazteago bat ere. Artistekin batera, horien senitarteko eta laguntzaileak ere etorriko dira Nafarroa Beheretik Zarautzera asteburua pasatzera. Izan ere, Ipar eta Hego Euskal Herriko euskaldunak elkartzeko topaketa ere antolatu dute emanaldia baliatuta. 60 lagun inguru etorriko dira.

Horren harira, Lazkanok adierazi du "iparraldeko anai-arrebekiko gure buruari jartzen diogun muga gainditzea" dela xedea. Hain justu, joan den ekainean Oztibarren egin zuten lehenengo topaketa batean hartu zuen parte Lazkanok familiarekin eta Zarauzko Ikastolako beste hainbat guraso eta haurrekin: "Larzabaleko ikastolako guraso batzuek Imanol Epelderi proposatu zioten bertako egoera soziolinguistikoa ezagutzeko eta haurrak harremantzeko elkartzea. Ikastolatik kanpo euskaraz aritzeko aukera gutxi dituzte ikasleek eta deia zabaldu ondoren, Zarauzko hamahiru familia animatu ginen".

Ordukoa esperientzia aberasgarria izan zela gogoratu du Lazkanok eta Laminosine herrian eskaintzeko ideia ere artean sortu zela: "Dantza saioa eskaini zuten gaztetxoek, eta gure artean dantzari izandakoak geundenez, gu ere animatu ginen dantzara. Herrian haurren dantza talderik ba ote genuen galdetu ziguten, eta aho bete hortz geratu ziren Jalgin zenbat partaide diren zehaztu genienean. Orduan azaldu ziguten uztailean estreinatuko zuten emanaldi berezi bat prestatzen ari zirela, eta hona ekarri nahiko luketela".

Bistan denez, lortuko dute Laminosine ekartzea, baita topaketari segida ematea ere, bide batez. Hileko azken asteburuan izango da, esan bezala, eta Jalgirekin hasitako harremanari «urte luzez eustea» espero duela aitortu du Bachok.