Urtetako bizilagunak bete-betean murgildu dira sansebastianetan

Aritz Mutiozabal 2023ko urt. 20a, 12:30

Bi urteko etenaren ondoren, jai gosez ziren Urteta auzoan eta erantzun ezin hobea emanez ekin diote sansebastianei. Gaur, egun handia izaki, Urtetako Neska-Mutil Ardoak hamaiketakoa antolatu du Eliz-Mendi elkartean, eta jendetza bertaratu da giro jatorrean.

Gauean bertso afaria izango da auzo elkartean bertan, 21:00etatik aurrera. Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariak ariko dira kantuan, Aratz eta Mariak jotako doinuekin alaituta. Bihar arratsaldean, berriz, XXIII. Mus Txapelketa Azkarra jokatuko dute; bikoteko 20 euro baliko du izen-emateak.

Lehen asteburuko egitaraua biribiltzeko, igandean hamaiketakoa, herri kirol jaialdia, auzotarren desafioa eta erromeria izango dira.