Gazumera irteera egingo dute igandean Pagoeta mendi elkartekoek

Gazume mendiaren irudi bat.

Mendi elkartekoen esanetan, "inguru ezaguna da askorentzat, baina oso litekeena da bazter batzuk ezezagunak izatea, adibidez, Azulegiko meategia edo Errezilgo meatze-barrutia".

Ez dira urrutira joango Pagoeta mendi elkartekoak datorren asteburuan. Izan ere, Gazume mendiari itzulia egingo diete, Errezil inguruan. Irteera igandean izango da, hilak 29, eta ohi bezala, 07:30ean Agoueseneko biribilgunetik aterako dira.

Zailtasun teknikorik gabeko mendi buelta egingo dute Gazumen. 12 kilometro inguru ibiliko dira, eta 500 metro inguruko igoera-jaitsiera metatua izango du. 

Mendizale elkartekoek azaldu dutenez, Gazume mendi ezaguna da askorentzat, baina normalean bisitatzen ez diren tokietatik ere igaroko dira igandean: "Oro har, inguru ezaguna da gutako askorentzat, baina oso litekeena da bazter batzuk ezezagunak izatea; adibidez: Azulegiko meategia edo Errezilgo meatze-barrutia". Egingo duten itzulia, zehazki, honakoa izango da: Iturriotz-Indoko lepoa-Azulegiko meategia-Zelatun-Iturriotz.

Izena Mendizabal kinkila-dendan eman behar dute txangoan parte hartu nahi dutenek. Epea gaur hasi eta ostiralera arte egongo da zabalik. 

Ibilaldiaren xehetasun guztiak Pagoeta Mendi Elkartearen webgunean aurki daitezke.