Deskonektatutako familia baten endreduak oholtzaratuko ditu Vaiven konpainiak

Aritz Mutiozabal 2023ko ots. 8a, 11:00

Vaiven antzerki konpainiak Familia sarekada antzezlana aurkeztuko du ostiral honetan, 20:00etatik aurrera, Modelo aretoan. Internet jopuntuan duen komedia familiarra, ezbairik gabe.

Etxean lasai afaltzen ari den familia batek Delitu Informatikoen Unitatearen (DIU) sarekada bat jasaten du, susmoa baitago familiako norbaitek porno domestikoko sare bat daukala. Vaiven konpainiaren komedia katartikoa da hau, interneteko pribatutasuna ezezten eta eraisten ari diren garaiotarako egina.

Beti sarera konektatuta egon arren, euren artean erabat deskonektatuta dagoen familia baten istorioa da Familia sarekada. Ainhoa Aierbe, Mikel Laskurain, Nerea Gorriti eta Xanti Korkostegi izango dira Modelo aretoko oholtza gainera igoko diren aktore taldea; Aitziber Garmendiaren kolaborazio berezia ere izango dute. Antzezlana Antonio Muñoz de Mesak idatzi du, eta Olga Margallok zuzendu du.

Antzezlana ostiral honetan izango da ikusgai, 20:00etatik aurrera, eta sarrerak aretoko txarteldegian edo Kutxabankeko atari digitalean eskuratu daitezke, 8 euroan. Bestalde, Zarauzko Udalak emandako bi sarrera zozkatuko ditu Zarauzko Hitzak irakurleen artean. Zozketan parte hartzeko, honako lotura honetan eman beharko da izena; osteguneko 12:00etara arteko epea dago horretarako.