TAO txartela berritzeko prozesua martxan da

Aritz Mutiozabal 2023ko ots. 8a, 13:00
Zarauzko TAO bulegoa. (Zarauzko Udala)

Egunotan gutuna jasoko dute erabiltzaileek bakoitzaren egoera azalduz eta eman beharreko pausoak zeintzuk diren zehaztuz. Martxoaren 25an bukatuko da txartelak berritzeko epea.

TAO txartelaren erabiltzaileak aurtengo zerbitzuaren berritzearen inguruko informazioa jasoko dute datozen egunotan etxean, eskutitz bidez. Bertan, erabiltzaile bakoitzari jarraitu beharreko pausoak zeintzuk diren zehaztuko zaizkio. Orotara, hiru taldetan banatuta daude erabiltzaileak: ordainketa helbideratua dutenak, helbideratu gabe dutenak eta txartela berritzen ez zaienak.

Ordainketa helbideratua daukatenek zuzenean jasoko dute etxean 2023ko TAO txartel berria, eta gutunean adieraziko zaien moduan, hilabete honetan pasatuko diete banketxean ordainketaren kargua. Txartelaren ordainketa helbideratu gabe daukatenek, berriz, ordainagiria jasoko dute, baita ordainketa egiteko kontu zenbakia eta jarraitu beharreko urratsak ere. Behin ordainketa eginda, frogagiria TAOren bulegora eraman beharko dute edo posta elektroniko, Whatsapp edota Telegram bidez bidali. Ordainketa ziurtatutakoan, etxean jasoko dute txartel berria.

Beste batzuek, aldiz, gutuna jasoko dute txartela ez zaiela berritzen adieraziz; arrazoituko zaie TAO ordenantzako baldintzaren bat ez dutela betetzen, eta horregatik hartu dela erabakia. Kasu horietan, TAOren bulegora joan beharko dute herritarrek egon daitekeen arazoa konpontzeko.

Txartela berritzeko prozesua martxoaren 25a bitartean egongo da irekita, baina kudeaketa ahalik eta modu eroso eta azkarrenean egite aldera, ordainketa helbideratzeko gomendatu du udalak. "Hala, berritzeko garaia iristen denean, zuzenean etxean jasoko du erabiltzaileak txartel berria". Bestalde, txartelaren kostua ez da aldatu, eta iazko prezioak mantenduko dituzte.

Edozein zalantza argitzeko, herritarrak Zarauzko TAO bulegoarekin (Urdaneta kalea, 5) jar daiteke harremanetan, ondorengo ordutegian: astelehenetik ostiralera, 09:00etik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara; eta larunbatetan, 09:00etatik 13:00etara. Telefono bidez, berriz, 943-83 22 63 edota 627 45 25 00 (Whatsapp edo Telegram) deituta, edo taoberriketa.zarautz@gertek.eus posta elektronikora idatzita.