Arima Soulek iragarri du Girando Por Salas birako egutegia

Jabi Gonzalez Toston 2023ko ots. 8a, 15:30
Arima Soul laukotea.

Zortzi kontzertu emango dituzte estatu osoko aretoetan martxotik aurrera, baina lehenago Getxoko Muxikaberri zentroko oholtzara igoko dira.

Arima Soul musika taldeak dagoeneko badaki Espainiako zein aretotan emango dituen Girando Por Salas zirkuituko kontzertuak. Musika taldeei euren musika estatu osoan ezagutarazteko aukera ematen dien ekimena da Girando Por Salas; izan ere, bidaiatzeko dirulaguntzak eskaintzen ditu. Zarauzko taldeak joan den urteko urrian jakin zuen deialdiko talde hautatuetako bat zela, baina artean ez zekien non eta noiz eskainiko zituen emanaldiak. Bada, argitu dute hori, esan bezala: Aragoira, Galiziara, Gaztela-Mantxara, Gaztela eta Leonera, Kataluniara eta Madrilera bidaiatuko dute zortzi kontzertu emateko.

Lekuarekin batera, datak ere zehaztu dizkiete: martxoaren 17an, ostirala egingo dute lehenengo geldialdia Ciudad Realeko Nice aretoan jotzeko, eta hurrengo egunean Madrilgo Tiempo klubean arituko dira. Galizian, berriz, astegunetan erakutsi beharko dute taldearen musika proposamena, apirilaren 4an eta 5ean, asteazkena eta osteguna, emango baitituzte kontzertuak. Lehenik eta behin, Vigoko Sinatran, eta, ondoren, Villar de Santoseko (Ourense) Arca da Noen. Maiatzean, azkenik, lau hitzordu izango dituzte. Ondorioz, gehien bidatuko duten hilabetea izango da. Maiatzaren 5ean Valladolideko Asklepios aretoko oholztara igoko dira, 7an Leongo Blac Borboun aretokora, 20an Lleidako Espai Orfeokora eta 21ean Zaragozako La Boveda del Alberguekora.

Dena den, Zarauzko taldeak badu beste hitzordurik ere estatuko biari ekin aurretik. Getxoko Muxikaberri zentroan eskainiko dute hurrengo emanaldia, martxoaren 3an.

Erlazionatuak