Kadete mailako txirrindularitza lasterketa izango da bihar herrian

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko mar. 17a, 14:00
Kadete mailako txirrindularitza proba jokatuko da bihar, Zarautzen. (utzitakoa)

Igandean, Espainiako Kopa jokatuko dute Ane Zubeldia eta Aroa Saez txirrindulari gazteek.

Zarauzko Txirrindulari Kirol Elkarteak antolatuta, bihar goizean kadete mailako txirrindularitza lasterketa jokatuko da herrian. 10:30ean hasiko da hitzordua, eta aurreikusten da ordubete inguruan iristea helmugara parte-hartzaileak. 200 txirrindulari inguruk parte hartuko dute, Euskal Herriko hainbat lurraldetatik iritsitakoak: Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, eta Nafarroa. Horien artean izango da Lukas Blanco Iruretagoiena txirrindulari zarauztarra ere.
 
Bestalde, igandean, Beasainen Espainiako Kopa jokatuko dute Zarauzko Txirrindulari Kirol Elkarteko Ane Zubeldia eta Aroa Saez txirrindulari gazteak. Elkartetik jakinarazi dutenez, biek ala biek "primeran" hasi dute errepideko denboraldia, eta Zubeldiak bosgarren postua lortu zuen pasa den asteko jardunaldian.