Arkamurka: "Iritako lanek ez dituzte beteko guk zehaztutako gutxieneko irizpideak"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko mar. 18a, 16:00

Irita eremuan lurra kentzen hasi dira, ur-azalera handitzeko.

Arkamurka natur taldeak oharra helarazi du Irita inguruan egiten ari diren lanei buruzko azalpenak emanez.

Hasi dira hondea-makinak Irita eremuan lanean, eta Arkamurka elkarteak bertan egiten ari diren lanen inguruan azalpenak eman ditu, ohar bidez.  "Labur esanda, Asti errekaren Iritako zatiko lurra kendu eta ur-azalera handitzen ari dira", argitu dute. Arkamurkako kideek azaldu dutenez, 2020an, Irita ingurua berreskuratzeko proposamena helarazi zion elkarteak Zarauzko Udalari. Bi aukera proposatu zituen, bata Max Plana deiturikoa, eta bestea Min Plana; azken horrek jasotzen zuen, Arkamurkaren ustez "gaur egun egin beharko litzatekeen interbentziorik txikiena". Elkarteko kideen esanetan, Min-Planak garrantzia berezia ematen dio "naturalizazioari", eta beraz, "garrantzi ekologiko handiko habitatak eta espezieak berreskuratzeko irizpideak baliatzeaz gain, Zarautzek lehendik ezagunak dituen uholdegarritasun-arriskuak ere kontutan hartzen ditu".

Hasiera batean, Arkamurkak eta udalak gutxieneko esku-hartze hori egiteko adostasuna lortu zutela adierazi du natur taldeak, baina, azkenean, gutxieneko irizpide horiek ez direla beteko uste du: "Zarauzko Udalak Ekolur enpresari eskatu zion proiektua, eta guraizeak sartu zituzten, aurrekontuaren aitzakian. Gure proposamenean, esaterako, jasotzen genuen Itsasmendi auzoaren ekialdean berdegune eta jolas-tokia egitea, baina, hor etxeak egingo dituzte. Eta, dirudienez, Asti errekaren ezker aldea ere ez da kasik hustuko". Horrez gain, ia bide gorriraino lurra kentzeko egin zuten eskaera ere ez dela beteko esan du elkarteak. "Aurrekontuaren aitzakian, eremu handia geratuko da urpetik kanpo. Ziur gaude urbanizazio bat garatuko dela inguruan, naturalizazio baten ordez. Ekolurren proiektuan, adibidez, Itsasmenditik autobide sarrerako lehen biribilgunera datorren bideak zintarriak eta guzti izango ditu. Horretan doa dirua. Beste adibidea da landare-landaketarena; berez haltzak eta lezkak landatu behar dituzte. Kontsolamendu bat geratuko zaigu, gaur edo bihar inguru horretako lurra kendu ahal izango dela, baina Itsasmendin egingo diren etxeak handik kentzea zailagoa izango da, Eguzki-Izarra eremuan egiten ari direnak bezalaxe".