Modeloko sotoan bigarren aretoa sortzeko asmoa du Zarauzko Udalak

Aritz Mutiozabal 2023ko mar. 23a, 09:15
Irune Urbieta Kultura zinegotzia eta Xabier Txurruka alkatea, Modelo aretoko sotoan. (Aritz Mutiozabal)

Proiektua idatzita dago, eta datorren agintaldiaren hasieran abiatu nahi dituzte obrak. Sarrera Ipar kaletik izango du, eta igogailua jartzea aurreikusita dago bertaratzeko.

Modelo aretoak anaia edo ahizpa txikia izango du. Bigarren aretoa, egungoa baino txikiagoa, eraikinean bertan. Halaxe iragarri zuten atzo eguerdian Xabier Txurruka alkateak eta Irune Urbieta Kultura zinegotziak, aretoaren sotoan jarritako hitzorduan. "Herritar gutxik jakingo dute Modeloren azpian dagoen altxor honen berri. Soto hau biltegi moduan erabili da urte askoan, baina etorkizunean areto erabilera eman nahi dio Zarauzko Udalak", nabarmendu zuen alkateak. 

Sotoak Ipar kaletik dauka sarrera, 310 dendaren ondotik, eta espazioaren hiru hormek Alde Zaharreko hiru kale nagusitara jotzen dute: Ipar kalera, Orape kalera –Musika Plaza aldera– eta Zigordia kalera. "Aukera mordoa eskainiko dizkigu kultur jarduerak eta beste mota batzuetako ekintzak egiteko. Horretarako proiektu bat bideratu dugu, jada esku artean duguna". Arqawa estudioko Jon Vicente arkitekto zarauztarrak idatzi du proiektua, exekuzio obra hurrengo agintaldian gauzatu ahal izateko. "Gure asmoa litzateke hurrengo agintaldiaren hasieran martxan jartzea, behar handia dagoelako eta asko aberastuko lukeelako gure kultur agenda. Etekina aterako zaion tokia izango da", zehaztu zuen alkateak. Egin nahi diren obrei dagokienez, aurreratu zuen 330.000 euroko aurrekontua aurreikusten dutela.


80-100 lagunentzat

Espazioak 285 metro koadro ditu, eta areto nagusia atonduko dute han, 80 eta 100 lagun artean sartzeko edukiera izan dezakeena; 75 aulki mugikor jartzea aurreikusten dute, era berean. Atzealdean komunak, aldagelak eta trastelekua eraikiko dituzte. 

Modelo aretoa 1942an eraiki zuten, eta sotoak orain artean ez du erabilera publikorik izan. "Udalak eraikina erosi zuen bere garaian, eta, harrezkero, hainbat aldaketa nahiz egokitze lan egin ditugu goiko areto nagusian, baina orain arte ez dugu izan beheko zatiari heltzeko aukerarik. Uste dugu abagune asko eskainiko dizkigun aretoa izango dela honakoa, eta gure apustua da proiektu honekin aurrera egitea, kulturak bizitza izaten jarrai dezan herriaren erdigunean".

Era berean, proiektu idatziak finkatzen du, sotora iristeko, irisgarritasuna bermatu behar dela lehenik. Hori horrela, igogailua kokatuko dute Ipar kalean areto berrira bertaratzeko, eta, halaber, eskailera berriak jarriko dituzte. "Horrela bermatuko dira etortzen diren guztientzako sarrera-irteerak".


Formatu txikiko gauzak

Kultura departamentuak antolatzen dituen jarduerez gain, Goikus enpresak kudeatzen duen zinema eskaintza izaten da asteburuetan Modelon. Horrez gain, herrian kultur nahiz gizarte talde andana daudenez, eskaera asko jasotzen dituzte, hitzaldiak emateko edota ekitaldiak egiteko. "Baina konturatu ginen Modelok ezin ziela eskari guztiei erantzun. Gainera, jarduera jakin batzuetarako handitxo geratzen da. Orduan, sotoa ikusita, bigarren aretoa sortzeko ideia aztertzen hasi ginen, formatu txikiko gauzak egiteko: hitzaldietarako, ipuin-kontalarien saioetarako, liburu aurkezpenetarako edota haur txikientzako antzezlanetarako. Beraz, espazio honen alde egin nahi dugu", azaldu zuen Urbietak.