Bueltan da Kopla Txapelketa

Maria Maya Manterola 2023ko mai. 10a, 10:45
Giro ederra nagusitu zen X. Kopla Txapelketan. (Aritz Mutiozabal)

Zarauzko Putzuzulo gaztetxea bota zutelako txapelketarik ez zuten egin iaz. Ordainean, aurten bi egingo dituzte: herri mailakoa larunbat honetan, eta urterokoa negu partean. 

Betiko espirituarekin, baina berrituta dator Zarauzko Kopla Txapelketa. Larunbat honetan egingo dute, eta antolatzaileek aurreratu dutenez, lehiaketa herrikoia izango da aurtengoa. Hiruputzu gaztetxeko oholtzara igoko dira bertsolariak, 21:30ean hasita.

Honako hamalau koplariak izango dira nor baino nor ariko direnak: Aner Peritz, Ane Peñagarikano, Uxue Alkorta, Aimar Sorazu, Aitor Urbieta, Amets Aizpurua, Oier Aizpurua, Hodei Iruretagoiena, Iñigo Mantzizidor Mantxi, Markel Eizagirre, Nahikari Gabilondo, Julen Zulaika, Manu Goiogana eta Ainhoa Agirreazaldegi. Ez dira bakarrik ariko oholtzan, herriko beste lau musikari ere igoko baitira saioa girotzera: Aratz Olaizola trikitiarekin, Aitor Amilibia Kortxi gitarrarekin, Imanol Etxeberria kaxoi perutarrarekin eta Jurdana Otxoa biolinarekin. Halaber, bi gai jartzaile ere lotu ditu saioaren antolatzaile Koplazale Elkarteak: Imanol Epeldek eta Xabi Aizpuruak izango dute ardura hori. Musikak "asko" ematen dio saioari, Amaia Urbieta Koplazale Elkarteko kidearen ustez. "Ofizio bakoitza hiru minutukoa da gehienez ere, eta azkar joaten da saioa", esan du.

Iazko abenduan egitekoak ziren txapelketa, baina Putzuzulo gaztetxea eraitsi zutenez, bertan behera utzi behar izan zuten urteroko hitzordua. Hiruputzu gaztetxeko auzolanak aurrera egin ahala elkartu ziren berriro Koplazale Elkarteko antolatzaileak. "Pentsatu genuen aurrerantzean abenduko hitzorduari eustea, baina aurretiko bat egitea maiatzean, herrikoekin bertakoekin", dio Urbietak.

Izan ere, orain arteko txapelketetan "aniztasunaren alde" egin dute parte hartzaileak hautatzeko orduan, eta Zarauzko bi bertsolarirentzat gorde izan dituzte bi leku. Urbietaren arabera, ordea, "bertsolari asko" dago Zarautzen, eta maiatzeko hitzordua aitzakia izan daiteke abenduan parte hartuko duten bi zarauztarrak hautatzeko.

Koplazale Elkarteak Zarauzko bertsolari guztiei zuzendu zien parte hartzeko gonbita, eta guztiek, "posible zutenek behintzat", baiezkoa eman zuten. Bertsolarien partetik "hain erantzun ona" jasotzea «pizgarria» da Urbietaren hitzetan, antolatzen indarrak jartzeko. "Jendea gogotsu dago herrian abesteko, eta hori oso seinale ona da", esan du. Asmoa da urtero egitea txapelketa herrikoia, baina "aurtengoaren erantzunaren eta Koplazale Elkartearen indarraren menpe" egongo da hori. 

Urbietak bost bat urte daramatza txapelketaren antolaketan, baina gogoan du "giro paregabea" sortu izan dela beti. "Formatuarekin asmatu»" zutela uste du: "Kopla da bertsolaritzaren barruko neurri laburrena, eta bertsozalea ez den jendeari ere arinagoa zaio entzutea. Gainera, musikariekin egin ohi dugu saioa; beraz, festa bat dela esan daiteke. Buruan daukagun bertso saioaren iruditik asko aldentzen da". Gaztetxea bete egiten da zarauztarrez eta inguruko herrietatik bertaratutako zaleez, baina ez dakite aurtengoan ere hala izango den. Urbietaren hitzetan, bertsolariak herrikoak izanik, ez dute herritik kanpoko inor erakarriko. Dena den, "izena" duen txapelketa da herrian, eta gaztetxe berria ezagutzeko "aitzakia ezin hobea" izan daitekeela uste du.

Zintzarritik kaskabilora

Formatuan ez ezik, sarietan ere izango dira berrikuntzak. Urbietak azaldu duenez, orain arte zintzarria izaten zen bertsolari onenak eskuratzen zuen saria. Horren ordez, kaskabilo txikia eskuratuko du orain irabazleak.

Gaztetxeko egutegian markatutako hitzordua izaten da Kopla Txapelketarena urtero, eta Urbietak dioenez, bestelako jendea gerturatzen du txapelketak gaztetxera. Saioa 22:00etan hasiko da Hiruputzu gaztetxean, eta ordu erdi lehenago eskuratu ahal izango dira sarrerak bertan, bost euroren trukean.