Oier Aizpuruak eskuratu du kaskabiloa zarauztarren arteko Kopla Txapelketan

Maria Maya Manterola 2023ko mai. 14a, 15:00

Giro ederrean eta umore ukituarekin ospatu zuten atzo Kopla Txapelketa Hiruputzu gaztetxean. Zarauztarrak aritu ziren koplaka nor baino nor, eta Aner Peritzek eta Oier Aizpuruak lortu dute neguko edizioko txapelketara sailkatzea.

Ezin izan zuten iaz Kopla Txapelketarik ospatu, baina ordainetan, bi edizio izango dira aurtengoan. Atzo jokatu zen bata: herri mailakoa, zarauztarren artekoa. Hiruputzu gaztetxean giro ederra sortu zen, eta hamalau bertsolari igo ziren oholtza gainera, Imanol Epeldek eta Xabi Aizpuruak jarritako gaiei koplaz kopla erantzutera. Musikariak ere izan ziren, saioa girotzen: Aratz Olaizola trikitiarekin, Aitor Amilibia Kortxi gitarrarekin, Imanol Etxeberria kaxoi perutarrarekin eta Jurdana Otxoa biolinarekin. 

Ez zen umorerik falta izan atzokoan, ez koplarien aldetik, eta ezta ikusleen aldetik ere. Aner Peritz eta Oier Aizpurua igaro ziren buruz burukora, eta beraz, beraiek izango dira neguko edizioan gainerako bertsolariekin parte hartuko duten bi zarauztarrak. Aizpurua izan zen kaskabiloa lortu zuena. Algortan bizi den zarauztarrak umorez agurtu zituen herritarrak: "Maite zaituztet nahiz ta giputzak izan".